Gizartea -

Autopsiaren emaitza

Iñigo Cabacas pilotakada batek eragindako zauriengatik hil zen

Autopsiak ez du zehazten zenbat metrotara bota zuen Ertzaintzak pilota, baina "metro gutxira" izan behar zuela ondorioztatu du.

Autopsia: Pilotakada batek hil zuen Iñigo Cabacas

02:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Autopsiak berretsi egin du Iñigo Cabacas pilotakada batek eragindako zauriengatik hil zela, Radio Euskadin aurreratu duenez.

Autopsiaren txostenak ez du argitzen zein distantziatara bota zen pilotakada, baina "metro gutxira" izan omen zela ondorioztatu du txostenak.

Lagunek lehen ordutik esan zutenari eutsi diote, hau da, zauriak pilotakadak eragin zizkiola, eta ondorioz, heriotza.

Goizean, lagunek Iñigo Cabacasen gurasoekin bilera egin dute hemendik aurrera nola jokatu eta zein erabaki hartu zehazteko. Justizia eske Facebook sare sozialean eratu duten taldeak dagoeneko 9.000 lagun baino gehiago ditu.

Athleticeko peñek ere bilera egingo dute ekintzak eta salaketak egitea aztertzeko.

Athletic-Schalke joan den osteguneko partidaren ondoren Bilboko Maria Diaz de Haro kalean Ertzaintzarekin izandako istiluetan pilotakada bat jaso eta "leherketak eragindako garezur haustura eta garuneko lesio nabarmenak" zituen gazteak. Ordutik, "lasaigarrien eraginpean eta aireztatze mekanikoarekin", koma egoeran, egon zen, atzo hil egin zen arte.

Ertzaintzak ikerketa bat hasi zuen gertatutakoa argitzeko eta gaur egin dioten autopsiak berretsi egin du gomazko pilota baten kolpeak eragindako zauriengatik hil delaCabacas.

Gaur goizean, heriotzaren kausa pilotakada bat izan dela ondorioztatuko balute Ertzaintzaren barruan "erantzukizunak zehaztu" egingo lituzketela iragarri du Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, baina ez du informazio gehiagorik eman.

Datorren ostegunean agerraldia egingo du Eusko Legebiltzarrean, Iñigo Cabacas gaztearen heriotzaren inguruko xehetasun guztiak emateko.

Iñigo Cabacasen aldeko hileta elizkizuna Bilboko Corpus Christi elizan egingo dute bihar, 19.00tan, Poza Lizentziatuaren kalean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea