Athletic Club
Igandean, 19:45ean
Athleticek inflexio-puntua aurkitu nahi du Granadan
Erredakzioa
Zuri-gorriek Los Carmenes futbol-zelaia bisitatuko dute Ligako azken bi porrotak ahazteko asmoarekin. Bilbotarrek hiru puntuak behar dituzte jaitsiera postuetan ez erortzeko.
Athleticek Los Carmenes futbol-zelaia bisitatuko du Ligako azken bi porrotak ahazteko asmoarekin. Bilbotarrek hiru puntuak behar dituzte jaitsiera postuetan ez erortzeko. Valentziaren kontra Mestallan eta Getaferen aurka San Mamesen galdu zuten zuri-gorriek.
Eibarren kontra Errege Kopan, iragan ostegunean, golik gabeko berdinketa erdietsi zuten Ipuruan bizkaitarrek, eta Marcelo Bielsaren taldearen inguruan zalantzak areagotu zituen emaitza horrek. Athleticek ez du oraindik bidea zuzendu, arazo fisikoek eta hanka-sartze larriek baldintzatu dutelako.
Ander Herrerak ezin izango du jokatu, Valentziako neurketan epaileak egotzi eta bere bigarren partida bete behar duelako. Borja Ekiza eta Iñigo Perez lesionaturik daude, baina Carlos Gurpegui osatu egin da eta jokatzeko prest dago. Nafarrak orkatila bihurritu zuen Getaferen kontra.
Andaluziako taldea denboraldiko unerik txarrenean dago; izan ere, Zaragozaren (1-2) eta Levanteren (3-1) kontra galdu zuen Granadak eta Kopan Zaragozaren aurka porrota jaso zuen (1-0). Horrela, Anquelaren taldeak zalantza handiak ditu.
Irudia hobetzeko aldaketak iragarri ditu Granadako entrenatzaileak, defentsan eta erasoan taldeari eraginkortasun handiagoa emateko.
Ustezko hamaikakoak:
Granada: Toño; Nyom, Siqueira, Mainz, Borja Gomez; Iriney, Brahimi, Torje, Dani Benitez; El Arabi eta Floro Flores.
Athletic: Iraizoz: Iraola, Gurpegui, Amorebieta, Aurtenetxe; Iturraspe; Susaeta, De Marcos, Muniain, Ibai Gomez; eta Aduriz.
Epailea: Muñiz Fernandez
Futbol-zelaia: Los Carmenes
Ordua: 19:45