Itxi

Eibar

Hypermotion Liga

Eibarrek Huescan galdu du, 2-1, partidako azken jokaldian

EITB

Talde armagineko bi jokalari ohik, hain zuzen Alvaro Carrillok eta Sergi Enrichek, egin dituzte Aragoiko taldearen bi golak, eta Jon Magunazelaiak sartu du Eibarrena. Huescak bigarren gola sartu aurretik, epaileak Anaitz Arbilla kanporatu du.

  • Xeber Alkain hasierako hamaikakoan izan da. Argazkia: Europa Press.

    Xeber Alkain hasierako hamaikakoan izan da. Argazkia: Europa Press.

Eibarrek Huescaren kontra galdu du, 2-1, Alcoraz futbol zelaian, 2025-26 denboraldiko Hypermotion Ligako hirugarren jardunaldian, astelehen arratsaldean. Alvaro Carrillok jarri du Huesca aurretik, 19. minutuan, Jon Magunazelaiak berdinketa egin du, 23.ean, eta bigarren zatiaren luzapenean, partidako azken jokaldian, Seri Enrichek 2-1ekoa egin du; orduan, Eibar hamar jokalari zituela ari zen, epaileak txartel gorria atera baitio Anaitz Arbillari. Hala, Eibarrek lau puntu ditu sailkapenean, eta taula erdian dabil.

Huesca-Eibar (2-1): partidako laburpena

Beñat San Joseren taldeari Eibarren ibilitako bi jokalarik egin dizkiote golak. 1-0ekoa Carrillok sartu du, burukada on bat eginda; Huescak hobeto ekin dio neurketari, eta 19. minutuan eskuratu du saria.

Hala ere, handik oso gutxira, 23. minutuan, Jon Magunazelaiak berdinketako gola sartu du, jokaldi trebea eginda. Golak bultzada eman dio Eibarri, eta armaginak ondo aritu dira jarraian, markagailuan 1-1koa zegoela.

Euskal taldeak joko ona egin du bigarren zatian; une erabakigarria, baina, luzapena izan da, eta orduan dena irten zaio gaizki Eibarri. Lehenik, epaileak Anaitz Arbilla kanporatu baitu, zuzeneko txartel gorria aterata; gerora, Sergi Enrichek gola egin duelako, eta Gipuzkoako taldeak punturik ez du erdietsi, ondorioz.

Fitxa teknikoa

2 - Huesca: Dani Jimenez; Abad (Portillo, 63. min), Pulido, Carrillo, Arribas (Hugo Perez, 56. min), Alonso (Ro, 82. min); Sielva, Alvarez; Kortajarena, Liberto (Luna, 63. min) eta Ntamack (Enrich, 56. min)

1 - Eibar: Magunagoitia; Cubero, Moreno, Arbilla, Buta (Arrillaga, 77. min); S. Alvarez, A. Garrido (Olaetxea, 84. min), Corpas (A. Rodriguez, 77. min), Alkain (Bautista, 68. min), Guruzeta (Ares, 84. min) eta Magunazelaia.

Golak: 1-0, 18. min: Carrillo. 1-1, 22. min: Magunazelaia. 2-1, 95. min: Enrich.

Epailea: Sergiu Muresan. Huescako Arribas eta Eibarko Alvaro zigortu ditu, txartel horia aterata, eta Arbilla kanporatu du.

Nabarmentzekoa: 6.476 zale, Alcorazen.