Itxi

Eibar

Armaginen lehen garaipena

Eibarrek irabazi du derbia, markagailuari buelta eman ostean (2-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Reala irabazten hasi da Willian Josek penaltiz sartu duen golarekin, baina armaginek markagailua irauli dute Carmona eta Charlesen golen bitartez.

  • Carmonak bere lehen gola sartu du armaginekin. Argazkia: EFE

    Carmonak bere lehen gola sartu du armaginekin. Argazkia: EFE

Hirugarren jardunaldian Eibar biziberritu egin da, eta garaipena lortu du Realaren aurka jokatu duen euskal derbian. Talde batak zein besteak irabazi ahal izan du neurketa, baina armaginek azken denboraldietan azaldu duten jokoa erakutsi dute, eta txuri-urdinak baino eraginkorrago agertu dira ate aurrean.

Ziztu bizian ekin diote talde biek partidari, aurkariaren area bilatu nahian. Orellanak buruhauste ugari sortu ditu Realaren atzealdean lehen zati horretan. Hala ere, etxekoen defentsak ere ez dira finegi ibili tarteka, eta, halako hutsegite batean, Juanmi Dmitrovicen aurrean geratu da. Atezain serbiarrak penalti argia egin dio aurrelariari, eta Willian Josek ez du barkatu zigor puntutik (0-1, 15. min). Alabaina, lesionatu egin da jaurtiketa egin duenean, eta Bautista atera da haren lekuan.

Dena den, etxekoek markagailua berdintzea lortu dute handik gutxira, Marc Carmonaren bitartez (26. min). Armaginen elastikoarekin lortu duen lehen gola izan da berea. Emaitza horrekin heldu da norgehiagoka atsedenaldira.

Asier Garitanoren taldeak bere aukerak izan ditu bigarren zati hasieran, batez ere Juanmik. Lehendabizikoan, gelditu paregabea egin dio eibartarren atezainak aurrelari donostiarraren burukadari; bigarrenean, berriz, ez du baloia behar bezala jo area barruan. Dena den, bigarren abagune horretan marrazainak jokoz kanpo adierazi du.

Minutuak aurrera egin ahala, biek garaipena nahi zuten, baina inork ez zuen ordura arte lortutakoa galdu nahi.

Azken minutuak Merquelanz gazte txuri-urdinaren lesioak baldintzatu ditu. Zelaira sartu eta berehala min hartu baitu belaunean, profesional gisa debuta egin duen partidan, eta ohatilan atera behar izan dute negarrez.

Realeko jokalariek hamarrekin jokatu dituzte azken minutu horiek, bere taldekidearen lesioa buruan zutela, eta ez dira gai izan Eibarren azken bultzadari eusteko. Horrenbestez, Charlesek armaginen bigarrena erdietsi du 90. minutuan, Jordanek eskuinetik egindako erdiraketa bat buruarekin bikain errematatu duenean.

Ez da gehiagorako denborarik egon, eta hiru puntuak, Eibarren lehendabizikoak, etxean geratu direla amaitu da euskal derbia.

Fitxa teknikoa

Eibar 2: Dmitrovic; Ruben Peña, Oliveira, Bigas (Cote, 46. min), Arbilla; Orellana (Jordan, 44. min), Diop, Sergio Alvarez, Pere Milla; Enrich, Cardona (Charles, 73. min).

Reala 1: Rulli; Zaldua, Elustondo, Moreno, Theo; Zubeldia, Illarramendi (Merquelanz, 84. min); Sangalli, Oyarzabal, Juanmi (Zurutuza, 72. min); William Jose (Bautista, 16. min).

Golak: 0-1, 15. min: William Jose (penaltiz). 1-1, 26. min: Marc Cardona. 2-1, 90. min: Charles)

Epailea: Sanchez Martinez. Txartel horiak: Dmitrovic eta Diop (Eibar); Juanmi eta Illarramendi (Reala).