Itxi

Eibar

3-0

Eibarrek porrota jaso du Bartzelonaren aurka

Erredakzioa

Talde armaginak 3-0eko emaitzarekin galdu du Camp Noun. Luis Suarezek bi gol sartu ditu, eta Messik gol bat egin du.

  • Messi eta Escalante. Argazkia: EFE

    Escalante eta Messi, Bartzelona - Eibar partidan. Argazkia: EFE

Eibarrek porrota jaso du Bartzelonaren aurka (3-0) Camp Noun, Ligako 19. jardunaldiko partida. Ondorioz, talde armaginak 22 punturekin itxi du lehen itzulia, eta jaitsiera postuetatik 3 puntura dago.

Ondo ekin dio neurketari Eibarrek. Armaginak gogotsu eta bizi zelairatu dira, eta Bartzelona ezinean ibili da lehen minutuetan. Hala ere, Eibar ez da gai izan abagune argiak sortzeko, eta Barçak aurrea hartu du 19. minutuan, Luis Suarezek sartutako golari esker (1-0). Uruguaiko jokalariak eta Coutinhok jokaldi ona egin, eta aurretik jarri dute taldea. Ondoren, Bartzelonak abagune bakarra sortu du. Eibarrek ekinean jarraitu du, baina aukerak sortzea asko kosta zaio. Sergi Enrich berdinketa lortzetik gertu egon da atsedenaldia baino lehen, baina bere errematea kanpora joan da gutxigatik.

Bigarren zatiaren hasieran, 53. minutuan, Bartzelonak bigarren gola sartu du; Arbillak baloia galdu du, Coutinhok eta Luis Suarezek jokaldi ona egin dute, eta Messik 2-0ekoa sartu du. Argentinarrak bere 400. gola sartu du Ligan.

Barçaren bigarren golak min egin dio Eibarri eta talde armagina behera etorri da. Kataluniako taldeak ez du joko ona egin, baina bi goleko abantailarekin eroso jokatu du. Gainera, neurketa guztiz erabakita utzi du, 59. minutuan Luis Suarezek sartu duen golarekin (3-0). Azken txanpan, armaginak saiatu dira emaitza txukuntzen, abaguneren bat edo beste izan dute, baina ez dute Ter Stegen atezaina gainditzea lortu.

Fitxa teknikoa:

3 - Bartzelona: Ter Stegen; Sergi Roberto (Semedo, 83. min) , Pique, Lenglet, Jordi Alba; Sergio Busquets (Vidal, 66. min), Rakitic, Arthur (Dembele, 72. min); Coutinho, Messi eta Luis Suarez.

0 - Eibar: Riesgo; Peña, Arbilla, Bigas, Cote; Escalante (Kike Garcia, 77. min), Diop, Orellana, Cucurella (De Blasis, 64. min); Jordan eta Sergi Enrich (Marc Cardona, 83. min).

Golak: 1-0: Luis Suarez, 19. min. 2-0: Messi, 53. min. 3-0: Luis Suarez, 59. min.

Epailea: Gil Manzano. Txartel horiak atera dizkie Sergi Enrich (42. min), Luis Suarez (44. min) eta Pique (70. min) jokalariei.