Itxi

Eibar

Espanyolen aurka

Garaipena lortu dute armaginek Ipuruan (3-0), eta gora egin dute sailkapenean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gol festa Ipuruan, armaginak nagusi izan diren partidan. Enrich, De Blasis eta Charles eibartarrek sartu dituzte golak, eta baloiaren jaun eta jabe izan dira.

  • Eibarko jokalariak Sergi Enrichen gola ospatzen. Argazkia: @SDeibar

    Eibarko jokalariak Sergi Enrichen gola ospatzen. Argazkia: @SDeibar

Eibarrek garaipena eskuratu du Ipuruan, sei jardunaldi irabazi gabe eman ondoren. Santander Ligako 20. jardunaldian aritu da Espanyolen aurka, eta markagailuak hiru goleko aldearekin egin du armaginen alde. Horrela, jaitsiera postuetatik urrundu dira eta sailkapenean gora egitea lortu dute, bost postu gorago kokatu baitira.

Azaro bukaeratik zeuden armaginak Ligan irabazi gabe, Real Madrilen aurka etxean irabazi zutenetik. Urrezko garaipena lortu dute, beraz, astelehen honetan. Partida ederra egin du Mendilibarren taldeak, eta, horri esker, 22 puntu izatetik eta jaitsiera postuetatik hurbil egotetik 25 puntu izatera eta sailkapenaren erdialdean egotera igaro da.

Talde kataluniarrak, bestalde, ez du bolada txarra amaitu, eta Errege Kopan aste barruan jokatutako partiden ondorioz nekea pilatu ondoren, azken bederatzi partidetako zortzigarrena galdu du.

Armaginek 23. minutuan eman diote hasiera gol festari, Sergi Enrichek neurketako lehena egin duenean Espanyolen hutsegitea baliatuz. 51. minutuan, bestalde, De Blasisek izan du aukera, eta ez du alferrik galdu. 83. minutuan, Charlesek azken gola egin du, jokoan zeuden hiru puntuak etxean uzteko. Emaitza horri esker, Mendilibarren taldeak sailkapenean gora egin du nabarmen.

Fitxa teknikoa:

3 - Eibar: Riesgo, Ruben Peña, Arbilla, Bigas, Cote; De Blasis (Escalante, 82. min), Diop, Jordan, Cucurella; Enrich (Cardona, 86. min), Kike Garcia (Charles, 77. min).

0 - Espanyol: Diego Lopez; Javi Lopez, Naldo (Borja Iglesias, 60. min), Lluis, Didac Vila; Melendo (Piatti, 69. min), Roca, Víctor Sanchez (Hermoso, 62. min), Granero; Puado, Leo Baptistao.

Golak: 1-0, 24. min: Enrich. 2-0, 51. min: De Blasis. 3-0, 84. min: Charles.

Epailea: Martinez Munuera.