Itxi

Eibar

24. JARDUNALDIA

Charlesen golek puntu bat eman diote Eibarri Ipuruan (2-2)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Getafek abantaila bikoitza izan du markagailuan, baina armaginen aurrelari brasildarra lehia parekatzeko gai izan da bere bi golekin.

  • Charlesesk bi gol sartu ditu

    Charlesesk bi gol sartu ditu. Argazkia: EFE

Eibarrek berdindu egin du Ipuruan Getaferen aurka (2-2), bi golez galtzen joan ostean. Ostiral honetan jokatu den lehiak Ligako 24. jardunaldiari eman dio hasiera.

Norgehiagokak bi zati bereizi izan ditu: kanpotarrek ordubetez agindu dute Ipuruan, baina azken ordu erdian armaginek erreakzionatzen jakin dute, eta ez dituzte urruti izan hiru puntuak.

Dena dela, horren aurretik, Mendilibarren mutilak kinka larrian egon dira Madrilgo taldea 0-2 izan baita agintzen, etxekoen lehen zati txarra aprobetxatuta. Izan ere, Getaferen lehen gola atsedenaldira joan baino zazpi minutu aurretik sartu du Matak.

Valladolideko jokalari ohiak Mathias Oliveraren pase ona baliatu du Riesgoren aurrean geratu, hari izkin egin eta gola sartzeko. Hori gutxi balitz bezala, bigarren zatiari ekin eta sei minutura, Foulquier erdilari frantziarrak baloia sareetara bidali du area ertzetik egin duen jaurtiketa eder batekin, Eibarreko defentsaren aldaratze kaskar bat eta gero.

Gainera, gol horren ostean, Getafek aukera gehiago izan ditu. Horietako batean, Bordalasen taldea hirugarrena lortzeko zorian izan da, baina Cabreraren erremateak ez du behar adina indar hartu.

Orduan iritsi da partidaren zentzua aldatu duen jokaldia. Kotek baloi bat erdiratu du ezker hegaletik, eta Djenek eskuarekin eman dio area barruan. Hasiera batean, epaileak ezer adierazi ez badu ere, VARetik abisu eman diote, eta zelai alboan dagoen telebistara hurbildu da jokaldia errepikatuta ikusteko. Behar adina aldiz aztertu ostean, penaltia zela iritzi dio.

Charlesek hartu du zigorra jaurtitzeko ardura, eta ez du barkatu. Gol horrek bultzada handia eman dio etxeko taldeari zein zaleei, eta Getafek harmailetako presioa nabaritu du azken ordu laurdenean.

Amaierarako hamar minuturen faltan etorri da markagailua orekatu duen gola. Charles azti ibili da bisitarien atzelari batek Soria atezainari buruz utzi nahi izan dion baloia moztu eta berdinketaren gola erdiesteko, oso posizio behartuan.

Horrenbestez, Eibarrek hamargarren postuan jarraituko du sailkapenean, 31 punturekin. Getafek, berriz, 36 puntu ditu, eta Txapeldunen Ligako postuei begira ari da.

Fitxa teknikoa:

2 - Eibar: Riesgo, Peña, Oliveira, Arbilla, Cote (Cardona, 79. min), Orellana, Diop, Jordan (Escalante, 61. min), Cucurella; Charles, Enrich (Kike Garcia, 61. min).

2 - Getafe: Soria, Suarez, Dakonam, Cabrera, Antunes, Foulquier, Maksinovic, Flanini (Cristoforo, 82. min), Olivera (Miquel, 94. min), Angel, Mata (Molina, 72. min).

Golak: 0-1, 36. min: Mata. 0-2, 51. min: Foulquier. 1-2, 66. min: Charles (penaltiz). 2-2, 80. min: Charles.

Epailea: Medie Jimenez. Txartel horiak: Diop eta Cucurella (Eibar); Dakonam (Getafe).