Itxi

Eibar

Celtaren aurka, Ipuruan

Sergi Enrichen golak urrezko hiru puntu eman dizkio Eibarri (1-0)

Agentziak | Erredakzioa

Armaginek penalti bat huts egin dute partidako 66. minutuan eta kosta egin zaie galiziarren harresia apurtzea.

  • Eibar taldeko jokalariak, Enrichen gola ospatzen

    Eibar taldeko jokalariak, Enrichen gola ospatzen. Argazkia: Efe.

Eibarrek garaipena garrantzitsua lortu du Celtaren aurka (1-0) Ipuruan jokatutako partidan. Armaginak galiziarrak baino gehiago izan dira neurketa osoan, eta penalti bat ere huts egin dute, Enrichek gola sartu eta hiru puntuak lortu aurretik.

Dmitrovic atezaina hamaikakora itzuli da eta bere parte hartzea erabakigarria izan da zenbait jokalditan. Norgehiagoka hasi eta gutxira, erantzun bikaina eman dio Braisen jokaldi arriskutsuari.

Eibarren erantzuna handik gutxira iritsi da, Cucurellak egindako erremate batekin, baina Ruben Blanco zuhur ibili da baloia desbideratzeko. Hasierako minutuetan bi atezainak protagonista izan dira

Legen zatiko erdi aldera, VAR laguntzaile teknikoak baliorik gabe utzi du Enrichek buruarekin sartutako gola.

Eta armaginak jokalari bat gutxiagorekin izan direnean Cucurellaren lesioaren ondorioz, Celtak gola egiteko aukera argia izan du, baina Maxiren erremateak langan jo du.

Bigarren zatian, huts asko egin dituzte bi taldeek. Celtak presioa areagotu du, baina Mendilibarren taldeak ondo eutsi die eta ez da atzean sartu. Gola bilatu dute armaginek, jo eta ke.

Charlesek aukera argia izan du 57. minutuan, baina errematea kanpora Joan zaio oso gutxigatik.

Penaltia eta Enrichen gola

Epaileak VAR laguntzailea erabili du Celtaren area barruan izandako jokaldi bat argitzeko, eta jokaldia ikusi ondoren Orellanari egindako penaltia adierazi du. Zigorra Charlesek jaurti du baina baloia gora joan zaio.

Partida amaitzeko gutxi falta izan denean, Enrichek baloia Celtaren atean sartu du Cardonak jokaldi bikaina egin ostean. Hiru puntuak Ipuruan geratu dira.

Fitxa teknikoa

1 - Eibar: Dmitrovic; Peña, Ramis, Arbilla (Bigas, 73. min), Cote; Orellana, Diop, Jordán (Escalante, 65. min), Cucurella (Cardona, 80. min); Enrich eta Charles.

0 - Celta: Rubén Blanco; David Costas (Hjulsager, 88. min), Araujo, Hoedt; Hugo Mallo, Yokuslu (Beltrán, 65. min), Lobotka, Jensen (Muffal, 67. min) , Juncá; Brais, Maxi Gómez.

Golak: 1-0, Enrich 86. min.