Eibar
31. jardunaldia
Eibarrek Bernabeun irabazi nahi du lehen aldiz
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lehen itzuliko partidan lortutako 3-0ekoa buruan dutela, Real Madrilen zalantzak baliatzen saiatuko dira armaginak.
-
Eibarrek 3-0 irabazi zion Real Madrili Ipuruan. Argazkia: EFE
Eibarrek, bere historian lehen aldiz, Bernabeun irabaztea zer den ezagutu nahi du larunbat honetan (16:15). Armaginek asteazkenean ia erabakita utzi zuten datorren denboraldian berriro Lehen Mailan arituko direla, Rayo Vallecanoren aurka (2-1) lortutako hiru puntuen bidez. Ondorioz, lasaitasunez eta Real Madril aurten azaltzen ari den gabeziak aprobetxatzeko asmoz bidaiatuko dute Madrilera.
Gainera, lehen itzulian, eibartarrek euren historiako lehendabiziko garaipena lortu zuten Real Madrilen kontra, Ipuruan 3-0 irabazita. Horrenbestez, norgehiagoka une onean iritsiko da Eibarrentzat.
Aitzitik, Jose Luis Mendilibar armaginen entrenatzaileak ondo baino hobeto daki salbazioa eskura izateak bere taldearen interesen aurka egin dezakeela. Dena dela, litekeena da taldeak izan dezakeen lasaitasun-puntua berehala usatzea zurien etxean jokatu behar dutela kontuan hartuta.
Cucurella taldera itzuliko da txartelengatiko zigorra bete ostean. Diopek, ostera, ezin izango du jokatu, lesionatu egin baitzen Rayoren aurkako neurketan. Mendilibarrek ez du jokamoldea aldatuko, baina ikusteko dago Pedro Leon hasierako hamaikakora itzuli eta Orellanak atseden hartuko duen edota Cucurella den kanpoan geratuko dena Leonen mesedetan. Zaldibarko entrenatzaileak hainbat aukera ditu, baina aurrera begira soilik, atzealdean hainbat jokalari baititu lesionatuta.
Real Madrilek, bere aldetik, helburu garbirik gabe helduko dio lehiari, liga irabaztea ezinezkoa baitu jada, aurreko jardunaldian galdu egin baitzuen Valentziaren aurka. Porrot hori madrildarren estreinakoa izan zen Zinedine Zidanek taldea zuzentzeko ardura bigarren aldiz hartu zuenetik.
Teknikari frantziarra arduratuta dago bere taldearen gol-gabezia dela-eta. Hori zuzentzeko asmoz, Gareth Bale galestarra hasieratik arituko da Karim Benzema aurrelariarekin, eta argitzear dago bi horiekin batera Iscok edo Asensiok jardungo duen.
Horrez gain, Nacho hasierako hamaikakora bueltatuko da, deialdian sartu ez den Sergio Ramosen lekua hartzeko.
Balizko hamaikakoak:
Real Madril: Keylor Navas, Odriozola, Varane, Nacho, Reguilon, Casemiro, Ceballos edo Kroos, Modric, Isco, Bale eta Benzema.
Eibar: Dmitrovic, Peña, Ramis, Oliveira, Cote, Pedro Leon, Jordan, Escalante, Cucurella, Enrich eta Charles.
Epailea: Pablo Gonzalez Fuertes.
Futbol-zelaia: Santiago Bernabeu.
Ordua: 16:15.