Itxi

Eibar

2015ean iritsi zen

Sergi Enrichek 2022ra arte luzatu du kontratua Eibarrekin

Agentziak | Erredakzioa

"Nire lehen aukera Eibar izan da beti, eta hori esan izan dut orain arte. Zaleen babesa sumatzen dut, maite naute eta nik beraiek maite ditut”, esan du jokalariak.

  • Sergi Enrich, Real Madrilen aurkako partida batean

    Sergi Enrich, Real Madrilen aurkako partida batean. Argazkia: Efe.

Sergi Enrich jokalari balearrak 2022. urteko ekainaren 30era arte luzatu du kontratua Eibar taldearekin, eta horrela, zazpi deboraldi egingo ditu armaginekin, klubera 2015an iritsi eta gero, taldeak jakinarazi duenez.

"Oso pozik nago. Harro nago elastiko hau defendatzen jarraituko dudalako. Etxean geratu nahi nuen, eta dena ematen jarraituko du. Azken lau urteetan klubaren konfidantza izan dut, eta esker onekoa sentitzen naiz. Oso harro nago. Eibar dagoen tokian egoteko lan egin dut, klubak hori aintzat hartu du, baita nik ere, eta guztiok zoriontsu gaude", esan du aurrelariak.

Balearretako jokalariak aitortu du Premier League Ingalaterrako ligara joateko "ilusioa" ere zuela, eta "aukerak" ere izan dituela, baina Eibarren "oso gustura" dagoela, "zoriontsua" dela eta "baloratu" egiten dutela azpimarratu du. "Eta hori beste edozer gauzaren gainetik jarri dut. Familia bat gara, eta Eibarren DNA mantendu behar dugu: konpromisoa, lana eta apaltasuna", nabarmendu du.

"Nire lehen aukera Eibar izan da beti, eta hori esan izan dut orain arte. Zaleen babesa sumatzen dut, maite naute eta nik ere maite ditut, eta taldeari babesa ematen jarraitzeko eskatzen diet, egin ohi duten bezala", esan du.