Eibar
LARUNBATEAN, 16:00ETAN
Eibarrek ezustekoa eman nahi du Camp Noun
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Joan den asteko Realaren aurkako partida bertan behera geratu ostean, Bartzelonari gauzak zailtzeko gogoz iritsiko dira Mendilibarren mutilak.
-
Lehen itzuliko Eibar eta Bartzelonaren arteko partida. Argazkia: EFE
Eibarrek Bartzelonak bizi duen krisi instituzionala aprobetxatu nahi du Camp Noutik zerbait positiboa lortzen saiatzeko. Zaldibarko zabortegiko gertakariaren ostean, armaginak astebeteko atsedenaldiarekin helduko dira Bartzelonara, Realaren aurka jokatu behar zuten derbia bertan behera geratu baitzen.
Jose Luis Mendilibarrek denbora izan du partida prestatzeko. Gipuzkoarrak puntu beharrez zelairatuko dira, hiru jardunaldi baitaramate irabazi gabe, eta jaitsiera postuekiko hiru puntuko aldea baino ez daukate.
Dena den, aurrekariak ez dira batere positiboak armaginentzat. Lehen Mailara igo zirenetik, bost aldiz bisitatu dute Bartzelonaren zelaia, eta guztietan galdu egin dute, 19 gol jasota eta lau bakarrik sartuta. Izan ere, Eibarrek beti jaso izan ditu hiru gol gutxienez, Camp Nouko soropila zapaldu duen bakoitzean.
Armaginen erizaindegia husten joan da pixkanaka, eta oraindik baja garrantzitsuak dauden arren, Ramis edo Kike Garciarenak kasu, hamaikako lehiakor bat plazaratzeko arazorik ez du izango Eibarren entrenatzaileak.
Ezin da baztertu Mendilibarrek hiru erdilari erabiltzea etxekoen baloi irteera geldiarazteko, lau gizon defentsan eta beste hiru erasoko lanetan jarrita.
Orellanak izan ezik, inork ez du ziurtatuta titular gisa aritzea Eibar honetan, eta, beraz, hamaikakoa asmatzea oso zaila da.
Bartzelonaren aldetik, ostera, Martin Braithwaite aurrelari danimarkarraren balizko debuta izango da begirada guztiak erakarriko dituena. Izan ere, aste honetan bertan fitxatu dute Leganesetik.
Eibarren aurkako norgehiagokaren ostean, euren denboraldia baldintza dezakeen bi neurketa jokatuko dituzte katalanek bata bestearen segidan: batetik, aste barruan Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joaneko partida jokatuko dute Napolesen aurka, eta, bestetik, datorren asteburuan Santiago Bernabeu bisitatuko dute.
Etxetik kanpo jokatu behar dituzten bi lehia gogor horien aurrean, litekeena da Quique Setien Kantabriako entrenatzaileak txandakatzeak egitea Eibarren aurkako lehian.
Balizko hamaikakoak:
Bartzelona: Ter Stegen, Semedo, Pique, Lenglet, Junior, Arthur, De Jong, Rakitic, Arturo Vidal, Messi eta Ansu Fati.
Eibar: Dmitrovic, Correa, Arbilla, Oliveira, Cote, Diop, Expósito, Escalante, Pedro Leon, Enrich eta Orellana.
Epailea: Cesar Soto Grado.
Futbol-zelaia: Camp Nou.
Ordua: 16:00.