Itxi

Eibar

1-0

Eibarrek gertu izan du berdinketa, baina esku-hutsik atera da Pizjuandik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Armaginak partida orekatzeko zorian izan dira azken bi jokaldietan, baina batean zutoinak eta bestean atepean jarri behar izan duen Ocamposek ezerezean utzi dituzte gipuzkoarren saiakerak.

  • Lucas Ocamposek sartu du partidako gol bakarra

    Lucas Ocamposek sartu du partidako gol bakarra. Argazkia: EFE

Eibarrek galdu egin du astelehen honetan Sevillaren aurka Sanchez Pizjuanen jokatu duen ligako 34. jardunaldiko partida (1-0). Lucas Ocampos izan da partidako izen nagusia; izan ere, erdilari argentinarrak erdietsi du lehiako gol bakarra, 56. minutuan, eta, horrez gain, atepean jarri behar izan du norgehiagokako azken jokaldian, min hartuta alde egin duen Vaclik atezain titularraren tokian, eta errematatzera igo den Marko Dmitrovicen abagune garbia gelditu du, luzapenean. Hartara, Jose Luis Mendilibar entrenatzailearen taldeak, Lehen Mailari eusteko bidean, ezin izan du jaitsiera postuetan dauden taldeekiko aldea handitu.

Lehendabiziko zatian, etxekoenak izan dira aukerarik onenak, baina Dmitrovicek ezerezean utzi ditu Fernandoren eta Ocamposen ahaleginak. Aitzitik, bigarren zatia hasi eta gutxira, argentinarra bigarren zutoinean agertu da, Jesus Navasek eskuinetik egindako jokaldi ikusgarri baten ostean erdiratu duen baloia sarera bidaltzeko. Armaginen atezainak ezin izan du ezer egin baloia gelditzeko, oso urruti ibili ez bada ere (56. min).

Mendilibarren taldeak aurrera egin du, eta arrisku handiz hurbildu da, batez ere Kike Garciak area barrutik egindako jaurtiketa desbideratu batekin eta Pedro Leonek hesian jo duen falta batekin. Alabaina, bi saiakera horiek txiki geratu dira azken minutuan izan dituzten beste bi aukera nabarmenekin. Horietako batean, Kike Garciak berak, oso jarrera behartuan, zutoinaren aurka bota du baloia, Tomas Vacliken aurrean geratu denean.

Jokaldi horretan, tupust egin dute aurrelari armaginak eta etxekoen atezainak, eta azken horrek ohatilan utzi behar izan du zelaia, minduta. Horren lekua Ocamposek hartu du, norgehiagokako azken segundoak atepean igarotzeko asmoz. Gipuzkoarrei zegokien hegaletik ateratzea, eta Dmitrovic ere errematatzera igo da. Armaginek area barruan jarri dute baloia, eta, hain zuzen ere, atezain serbiarrari parean egokitu zaio baloia. Jaurti egin du, baina Ocamposek baloia aldaratzeko gaitasuna izan du, 100. minutuan, hiru puntuei eusteko.

Horrenbestez, Julen Lopeteguiren taldeak neurketarik galdu gabe jarraitzen du Liga berrabiarazi zenetik, eta sendo dago laugarren postuan kokatuta, 60 punturekin, Bartzelonarekin galdu zuen Vila-realek baino sei puntu gehiagorekin. Eibarrek, berriz, 35 puntu ditu, Celtak eta Alavesek bezala, eta jaitsiera postuan dagoen Leganesek baino sei puntu gehiago ditu. Madrilgo taldea izango da, hain justu, eibartarren hurrengo aurkaria.

Fitxa teknikoa:

1 - Sevilla: Vaclík, Jesús Navas, Sergi Gómez (Gudelj, 79. min), Diego Carlos, Escudero (Reguilón, 80. min), Óliver Torres (Jordán, 63. min), Fernando, Banega, Ocampos, De Jong (En-Nesyri, 63. min) eta Munir (Suso, 79. min).

0 - Eibar: Dmitrovic, Tejero, Burgos, Paulo Oliveira, Rafa Soares, Diop (Pedro León, 77. min), Cristóforo, Sergio Álvarez (Atienza, 88. min), Edu Expósito (Kike García, 68. min), Inui (De Blasis, 77. min) eta Sergi Enrich (Charles, 88. min).

Gola: 1-0, 56. min: Ocampos.

Epailea: Antonio Miguel Mateu Lahoz. Txartel horiak: Sergi Gómez eta Banega (Sevilla); Sergio Álvarez (Eibar).