Itxi

Eibar

14. jardunaldia

Eibarrek galdu egin du Real Madrilekin, gehiago merezi arren (1-3)

A. A. | EITB MEDIA

Madrildarrak 0 eta 2 aurreratu dira Benzemaren eta Modricen golekin, eta Kike Garciak aldea murriztu du lehen zatian. Lucas Vazquezek luzapenean sartu du bisitarien hirugarrena.

0
Kike Garcia eta Rodrygo, baloiaren lehian

Eibarrek Ipuruan irabaztea zer den jakin gabe jarraitzen du beste jardunaldi batez, galdu egin baitu Real Madrilen aurka (1-3). Ondorioz, armaginak 15 punturekin geratu dira, sailkapeneko hamalaugarren postuan kokatuta.

Madrildarrak laster aurreratu dira markagailuan Benzemak eta Modricek sartutako bi golen bidez, eta bazirudien Zinedine Zidanek zuzentzen duen taldeak erraz eskuratuko zituela jokoan zeuden hiru puntuak, baina neurketaren nondik norakoa oso bestelakoa izan da.

Izan ere, handik 15 minutura armaginek aldea murriztu dute, Kike Garciaren jaurtiketa bikain bati esker. Lehen zatiko gainerako minutuak bizi-biziak izan dira, bi aldeek aukera ugari sortu baitituzte.

Lehiak ez du behera egin bigarren zatian. Eibarren presioak estu hartu du Real Madril, baina zuriek kontraerasoak egiteko inspirazio uneak izan dituzte; hartara, gertu egon dira bai 2 eta 2koa, bai 1 eta 3koa. Azkenean, Lucas Vazquezek partida erabakita utzi duen gola erdietsi du luzapenean.

Polemikarako tartea ere egon da, madrildarren hirugarren gola iritsi baino minutu batzuk lehenago penaltia izan zitekeen jokaldia egon baita. Muto japoniarrak buruz jo du baloia eta eskuan eman dio Sergio Ramosi area barruan, baina epaileek ez dute ezer adierazi.

Fitxa teknikoa:

1 - Eibar: Dmitrovic; Pozo, Bigas, Arbilla, Kevin; Inui (Pedro León, 72. min), Edu Expósito, Diop (Sergio Álvarez, 82. min), Bryan Gil; Kike García (Miota, 83. min) eta Muto.

3 - Real Madril: Courtois; Carvajal, Varane, Ramos, Mendy; Casemiro, Modric (Valverde, 72. min), Kroos; Lucas, Benzema eta Rodrygo (Asensio, 72. min).

Golak: 0-1, 6. min: Benzema; 0-2, 13. min: Modric; 1-2, 28. min: Kike García; 1-3, 93. min: Lucas Vázquez.

Epailea: Munuera Montero. Txartel horia: Arbilla (Eibar).