Itxi

Eibar

30. JARDUNALDIA

Eibar sailkapeneko azkena da Ipuruan Levanteren aurka galdu ostean (0-1)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Paco Lopezen taldea lehenengo zatiaren azken minutuan aurreratu da, De Frutos jokalariaren gol bati esker.

0
Eibar – Levante partidako laburpena eta gol guztiak

De Frutosen gol batek garaipena eman dio Levanteri Ipuruan eta Eibar sailkapeneko azken postuan utzi du, egoera benetan zailean Lehenengo Mailan mantentzeko. Norgehiagoka albiste txar batekin hasi da, beroketan zehar, Marko Dmitrovic lesionatu egin baita eta Yoel atera da bere ordez.

Lehenengo zatian futbol eta aukera gutxi egon dira. Valentziarrek ez dute gauza handirik egin eta Eibarrek ez du arrisku handia sortu, Enrichen jaurtiketa bat izan ezik, baina Postigon jo du.  

Atsedenaldira 0-0 joango zirela zirudienean, Clercek erdiraketa ona egin du defentsaren akats bat aprobetxatuz eta De Frutosek ederki errematatu du, Levante markagailuan aurreratuz.

Bigarren zatian, Eibarrek erasora jo du, baina ideia gutxirekin eta Pozoren bi jokaldi izan dira armaginen aukerarik onenak.

Amaieran, Kike Garciak gola sartzeko aukera izan du, baina kanpora jaurti du. Levantek erasotzera uko egin dio, gola nahikoa baitzen defentsa antolatu batekin eta ez zaio asko kostatu hiru puntuak eramatea eta Eibar sailkapenaren azken postuan hondoratuta uztea.

Fitxa teknikoa:

0 - Eibar: Yoel; Arbilla, Sergio Alvarez, Oliveira, Cote, Pozo, Diop (Kevin Rodriges, 61. min), Aleix Garcia (Atienza, 74. min), Inui (Quique Gonzalez, 74. min), Enrich (Pedro Leon, 85. min) eta Kike Garcia.

1 - Levante: Aitor Fernandez, Coke, Postigo, Duarte, Clerc, De Frutos (Vezo, 83. min), Radoja (Malsa, 17. min), Bardhi, Morales (Rochina, 67. min), Roger (Doukure, 67. min) eta Dani Gomez (Leon, 83. min).

Epailea: Xavier Estrada (Kataluniako Komitea). Diopek txartel horia ikusi du 13. minutuan eta hurrengo norgehiagoka galduko du; Clerc (16. min), Postigok (37. min), Aleix Garciak (59. min) eta Arbillak (64. min) txartel horia ikusi dute ere bai.

Gola: 0-1. 45+2. min. De Frutos.