Itxi

Eibar

Hypermotion Liga

Eibarrek ez du asmatu bigarren zatian, eta bana egin du Ipuruan, Albaceteren aurka

EITB MEDIA

Mario Sorianok aurretik jarri du Eibar, 11. minutuan, eta talde armaginak hainbat gol aukera izan ditu aurreneko zatian aldea handitzeko, penalti bat barne; atsedenaldiaren ostean, baina, Albacetek nabarmen egin du hobera, eta Medinak, 67. minutuan, banakoa sartu du.

  • Mario Sorianok sartu du, 11. minutuan, Eibarren gola. Argazkia: SD Eibar.

    Mario Sorianok sartu du, 11. minutuan, Eibarren gola. Argazkia: SD Eibar.

Eibarrek 1-1 egin du Ipuruan, Albaceteren aurka, igande gauean, 2023-24 denboraldiko Hypermotion Ligako hamabosgarren jardunaldian. Mario Sorianok aurretik jarri du Eibar, 11. minutuan, eta talde armaginak hainbat gol aukera izan ditu aurreneko zatian aldea handitzeko, Stoichkovek huts egindako penalti bat barne; atsedenaldiaren ostean, baina, Albacetek nabarmen egin du hobera, eta Agus Medinak banakoa sartu du 67. minutuan, jaurtiketa bikain baten bidez.

Eibar-Albacete partidako laburpena (1-1)

Eibarrek aurkariak baino hobeto jokatu du lehenengo zatian, eta abantaila zuela joan da atsedenaldira, Mario Sorianok 11. minutuan sartutako golari esker. Albacete ausart zelairatu da, eta, norgehiagokaren hasieran, Joseba Etxeberriaren gizonak baino gehiago hurbildu da aurkariaren areara, baina talde armaginak aurki egin du 1-0ekoa; Ager Aketxek pase sakon polita sartu dio Sorianori, eta madrildarrak gola gauzatu du.

Matheus Pereirak eta Jon Bautistak, azken horrek bitan, abaguneak izan dituzte bigarrena egiteko, baina Stoichkoventzat izan da abagunerik garbiena; izan ere, 42. minutuan, Lander Olaetxea Albaceteko erdilari bizkaitarrak penaltia egin dio Bautistari, eta andaluziarrak hartu du bere gain jaurtitzeko ardura. Ez du ondo egin, baina, eta ez da beste aldaketarik izan markagailuan. Esan beharra dago Berna Albaceteko atezainaren lana ezinbestekoa izan dela ulertzeko zergatik ez den izan, lehen 45 minutuetan, Eibarren gol gehiagorik.

Bernaren lan horrek, nolabait, bultzada eman dio Albaceteri bigarren zatiari begira. Bisitariek aurrerapausoa eman dute, eta merezi izan dute azkenean eskuratu duten berdinketa. Lehen laurdenean ere, Gaztela-Mantxako taldeak erakutsi du Ipuruatik esku-hutsik ez joateko asmoa zuela, eta gola 67. minutuan iritsi da. Agus Medinak sartu du, areaz kanpotik egindako jaurtiketa ikusgarri baten bidez; baloia angelutik sartu da, eta Lucak, ahalegina egin arren, ez du gelditzerik izan.

Alberto Quiles aurrelariak arrisku handia sortu du Albaceteren aldetik. Hiru gol aukera on izan ditu gola egiteko, baina Lucak eta Eibarreko atzelariek lortu dute markagailuan beste aldaketarik ez izatea.

Berdinketa hau kontuan hartuta, Joseba Etxeberriaren taldeak laugarren postuan amaituko du jardunaldia, 27 puntu dituela. Leganes liderrak zazpi gehiago ditu, eta Sporting Gijonek eta Valladolidek 28na. Armaginek hamar partida daramatzate galdu gabe, eta 24 puntu eskuratu dituzte bolada bikain horretan.

Fitxa teknikoa

1 - Eibar: Luca, Tejero, Berrocal, Arbilla, Rios Reina (Cristian, 72. min), Sergio Alvarez, Matheus (Vencedor, 72. min), Aketxe, Mario Soriano (Corpas, 63. min), Stoichkov (Rahmani, 86. min) eta Bautista.

1 - Albacete: Bernabe, Isaac (Alvaro, 93. min), Djetei (Ros, 46. min), Glauder, Silva (Alonso, 81. min), Medina, Riki, Olatxea, Manu Fuster (Shashoua, 81. min), Higinio (Quiles, 56. min) eta Escriche.

Epailea: Saul Ais Reig, Valentziako Batzordekoa. 72. minutuan, Medinari atera dio txartel horia, eta 84.ean, Sergio Alvarezek ikusi du txartel hori bera.

Golak: 1-0, 10. min. Mario Soriano. 1-1, 63. min. Medina.

Gertakariak: Hypermotion Ligako hamabosgarren jardunaldiko partida. 4.543 zale izan dira Ipuruan.