Itxi

Eibar

Errege Kopa

Eibarrek Lorca jipoitu du bigarren zatian (0-4), eta Kopako bigarren kanporaketarako sailkatu da

EITB MEDIA

Angel Tronchok, Konrad de la Fuentek eta Ager Aketxek, azken horrek bi aldiz, egin dituzte talde armaginaren golak. Hala, Eibarrek Errege Kopan jarraipena eman dio azken asteotan Hypermotion Ligan markatutako bide onari.

4:06

Eibarrek 0-4 menderatu du Lorca, astearte gauean, Francisco Artes Carrasco futbol zelaian, 2023-24 denboraldiko Errege Koparen lehenengo kanporaketan, eta, hortaz, txapelketako bigarren kanporaketarako sailkatu da. Angel Tronchok, Konrad de la Fuentek eta Ager Aketxek, azken horrek bi aldiz, egin dituzte talde armaginaren golak, 68., 80., 83. eta 90. minutuetan (azken gola penaltiz sartu du Aketxek). Hala, Eibarrek jarraipena eman dio Kopan azken asteotan Hypermotion Ligan markatutako bide onari.

Eibarrek Lorcak baino gehiago izan du kontrolpean jokoa lehen zatian, eta gertu izan du gola jokaldi batzuetan, baina ez da aldaketarik izan markagailuan lehenengo 45 minutuetan. Joseba Etxeberriak Hypermotion Ligan hasierako hamaikakoetan ohikoak ez diren zenbait jokalari zelairatu ditu hasieratik; Stefan Simicek debuta egin du. Armaginak zelai erdia menderatzen ahalegindu dira, eta aurkariak, berriz, baloia lapurtzen eta abiadura baliatzen saiatu dira Yoelen atera iristeko. Jose Corpasek eta Yacine Qasmik, 24. minutuan, gutxigatik ez dute sartu aurreneko gola, eta berriro Corpasek, atsedenaldirako bost minutu falta zirenean, arrisku handia sortu du Christianen atearen aurrean. Atsedenaldian, 0-0.

Bigarren zatian, Eibar nagusi izan da zelaian, eta agerian utzi du Lorcak baino kalitate handiagoa duela, nahiz eta 68. minutura arte ez duen sartu 0-1ekoa. Tronchok, Corpasen jokaldi polita aprobetxatuta, aurretik jarri du Gipuzkoako taldea, eta Konradek, 80. minutuan, kanporaketa ia erabakita utzi du. Azken hamar minutuetan, sasoi betean dabilen Aketxek beste bi gol sartu ditu.

Horrenbestez, Joseba Etxeberriaren gizonek ez dute zailtasun handirik izan Eibar ere datorren asteko zozketan sartzeko. Talde armaginak aurrera egin du Kopan.