Itxi

Reala

Txapeldunen Liga

Realak erakustaldia eman du, Lyonen (0-2)

J.B.

Antoine Griezmannek eta Haris Seferovicek bi gol ikusgarri lortu dituzte, eta Donostiako taldeak kanporaketan aurrerapauso handia eman du.

  • Seferovic bigarren gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Seferovic bigarren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Realak ederki bideratuta utzi du Txapeldunen Ligako atariko kanporaketa, Olimpique Lyonen aurka 0-2 irabazi ondoren. Griezmannek eta Seferovicek egin dituzte txuri-urdinen golak, eta Lyonen lortutako 0-2koa Anoetan defendatuko dute, abuztuaren 28an.

Gipuzkoako taldeak oso ausart jokatu du erasoan, norgehiagokako aurreneko minutuetan, eta Velak, Seferovicek eta Griezmannek hirukote arriskutsua osatu dute. Mexikoko jokalariak lehenengo saiakera egin du, baina baloia kanpora joan da. Greniezek erantzuna eman nahi izan du, baina Olimpique Lyon taldeko jokalariaren jaurtiketa langa gainetik kanpora joan da. Carlos Velak abagune polita izan du, 11. minutuan, eta baloia zutoinera joan da.

Antoine Griezmannen gol ikusgarria 17. minutuan heldu da. Velak erdiraketa ederra jarri du, ezker hegaletik, eta frantziarrak baloia sareetara bidali du, txilena ikusgarri batekin (0-1). Garderen gizonek erantzun nahi izan dute, Realaren golaren ostean, baina txuri-urdinek ondo eutsi dutek, eta Claudio Bravok ez du ia arazorik izan. Atsedenaldian Jagoba Arrasateren taldeak 0-1 agintzen zuen markagailuan.

Bigarren zatiko hamargarren minutuan Realak bigarren gola lortu du. Haris Seferovicek areaz kanpotik jaurti du, eta Lopes atezaina gainetik gainditu du (0-2). Bigarren golaren ostean, Olimpique Lyonek kontraerasoa etengabe bilatu du, eta Jagoba Arrasateren gizonek atzerapausoa eman dute.

Gonalonsek gola eskuratzeko abagune aparta izan du, baina bere errematea langara joan da, 65. minutuan. Granerok debuta egin du elastiko txuri-urdinarekin, eta jarraian, Bisevacek bigarren txartel horia ikusi du. Remy Garderen taldea hamar jokalarirekin gelditu da, eta Realak erraz kontrolatu du partida. Azkenengo minutuetan hirugarren gola lortzeko abaguneak izan ditu, baina azkenean, emaitza 0-2koa izan da.

Fitxa teknikoa:

0 - Olimpique Lyon: A. Lopes; Miguel Lopes, Bisevac, Fofana, Bedimo, Gonalons, Malbranque (Bahlouli, 57. minutuan), Grenier, Benzia (Danic, 57. minutuan), Gourcuff; eta Lacazette.

2 - Reala: Bravo; Carlos Martinez, Iñigo Martinez, Cadamuro, De la Bella; Bergara, Zurutuza (Ruben Pardo, 80. minutuan), Xabi Prieto; Vela, Seferovic (Granero, 62. minutuan) eta Griezmann (Chory Castro, 69. minutuan).

Golak: 0-1, 17. minutuan: Griezmann. 1-1, 50. minutuan: Seferovic.