Itxi

Munduko futbol txapelketapelketa

Hegoafrikako Munduko Kopa

Hegoafrika 2010: Hasi da Munduko Futbol Txapelketa

Erredakzioa

Dagoeneko inaugurazio ekitaldia bukatu da eta bertan 1.500 artista baino gehiago izan dira, baina ez Mandela.

1.500 artista baino gehiago izan dira gaur Munduko Futbol Txapelketako inaugurazio ekitaldian. Zuzenean 215 herrialdetan ikusi ahal izan da, antolakuntzak jakitera eman duenaren arabera.

Soccer Cityn ospatu da zeremonia eta ordu erdiko iraupena izan du. Bertan Grammy sarietan irabazle nagusia izan zen R Kelly izan da. Abeslari honena da Mundialeko abesti ofiziala, "Sign of Victory".

Hegoafrika-Mexiko (1-1)

Hegoafrikako Munduko Txapelketako lehen partida jokatu zuten Hegoafrikak eta Mexikok eta banako berdinketarekin (1-1) bukatu zen norgehiagoka. Beraz, bi selekzioek puntu bana batu dute A multzoan.

Partida Mexikoko selekzioa baloiaren jabe zelarik hasi zen eta beraiena izan zen lehen gol aukera. Bigarren minutuan Giovanni Dos Santosek ez zuen gol aukera on bat aprobetxatu atezainaren aurrean. Hamaseigarren minutuan Guille Francok ez zuen Khune atezaina gainditzea lortu eta lehen zatiaren azken txanpa Guille Franco berak, buruz burukoan kale egin zuen. Velak ere gol aukera bat alferrik galdu zuen. Hegoafrikak ez zuen gol aukerarik sortu lehen zatiaren bukaerarako bost minutu falta ziren arte. Mphelak 40. minutuan ez zuen errematatu Tshabalalak eginiko erdiraketa eta 44. minutuan Dikgacoik eginiko jaurtiketa kanpora joan zen. Lehen zatia golik gabe bukatu zen (0-0).

Bigarren zatian Hegoafrika erasokorrago zelairatu zen eta 54. minutuan sartu zuten Munduko Kopa honetako lehen gola. Tshabalalarentzat izan zen ohore hori kontraeraso bat bikain amaituz. 1-0eko zen Hegoafrikarentzat. Golaren ondorengo minutuetan nahiko parekatuta egon zen partida, bi selekzioentzat aukera ugarirekin. Mexikok jokalari erasokorrak zelairatu zituen eta 78. minutuan etorri zen berdinketaren gola. Marquezek erdiraketa bat hartu zuen area barruan hegoafrikarrek defentsan eginiko akats baten ondorioz eta Khune atezaina gainditu zuen. Hegoafrikak partida irabazteko aukera bikaina izan zuen 89. minutuan, baina Mphelak zutoinera bidali zuen bere errematea atepean atezaina besterik gainditu behar izan ez zuenean.

Norgehiagoka 1-1eko emaitzarekin bukatu zen eta ondorioz, Hegoafrikak eta Mexikok puntu bana dute A multzoko sailkapenean.

Uruguai-Frantzia (0-0)

Uruguaik eta Frantziak Hegoafrikako Munduko Txapelketako eta A multzoko bigarren partida jokatu zuten eta norgehiagoka golik gabeko berdinketarekin bukatu zen (0-0). Beraz, multzo honetako lau taldeak puntu banarekin berdinduta daude sailkapenean.

Erritmo biziarekin hasi zen partida eta lehen aukera Frantziak eduki zuen zazpigarren minutuan, baina Govouren jaurtiketa indartsua gurutzatuegi joan zen. Hamar minutu beranduago iritsi zen Uruguairen erantzuna. Lloris atezainak, ordea, gelditu bikaina eman zion Forlanen zartakoari. Bi minutu geroago Uruguaiko Muslera atezaina izan zen protagonista Gourcoufen falta jaurtiketa bati bikain erantzun baitzion. Aukera hauen ondoren, erritmoak behera egin zuen eta ez zen atsedenaldira iritsi arte gol aukerarik egon. Lehen 45 minutuak golik gabe bukatu ziren (0-0).

Bigarren zatia kaskarra izan zen eta ia gol aukerarik gabekoa. Aukera bakarra Uruguaik izan zuen 72. minutuan, baina Forlanen jaurtiketa langa gainetik kanpora joan zen. 80. minutuan Lodeiro uruguayarra egotzi zuen epaileak bigarren txartel horia aterata eta Uruguai hamar jokalarirekin geratu zen. Dena den, Frantziak ez zuen hau aprobetxatu eta norgehiagoka 0-0eko emaitzarekin bukatu zen.