Itxi

Munduko futbol txapelketapelketa

D MULTZOA | 3. JARDUNALDIA

Argentinak irabazi egin dio Nigeriari azken hatsean eta aurrera egin du (1-2)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Marcos Rojok egin du Argentinaren bigarren gola 86. minutuan, Nigeriak bigarren zatia hasi eta berehala lortu duen berdinketa ezerezean utzi duena.

  • Marcos Rojko eta Messik sartu dituzte Argentinaren golak. Argazkia: EFE

    Marcos Rojko eta Messik sartu dituzte Argentinaren golak. Argazkia: EFE

Marcos Rojo atzelariak 86. minutuan sartu duen golak eman dio garaipena Argentinari Nigeriaren aurka (1-2), eta, bide batez, baita Errusiako Munduko Txapelketako final-zortzirenak jokatzeko eskubidea ere. Hori gertatu baino lehen, Messik aurretik jarri du bere selekzioa lehen zatian, baina bigarrena hastearekin batera, Victor Mosesek berdinketaren gola erdietsi du Nigeriarentzat, penaltiz.

Messiren gola norgehiagokako 14. minutuan iritsi da, Ever Banegak erdiratutako baloi bat ezin hobeto kontrolatu eta eskuinarekin jaurti ostean. Beste gol bat ere sartzeko zorian egon da Bartzelonako jokalaria; aitzitik, faltaz egindako jaurtiketak zutoinean jo du, Nigeriako atezainak atzamar puntekin ukitu eta gero.

Bigarren zatian iritsi da afrikarren berdinketa. Mascheranok heldu egin dio area barruan Baloguni, eta arbitroak penaltia adierazi du. Mosesek ez du barkatu hamaika metroetatik.

Neurketa berdinketarekin bukatuko zela zirudienean, eta, hortaz, Argentina txapelketatik at geratu behar zela, Rojok Mercadoren erdiraketa bat errematatu du, eta hurrengo fasean egotea ahalbidetu dio bere selekzioari.

Horrenbestez, Argentinak Frantzia izango du aurrez aurre hurrengo kanporaketan. Norgehiagoka hori larunbatean jokatuko da, 16:00etan.

Multzoko beste partidan Kroaziak irabazi egin dio Islandiari (1-2).

Fitxa teknikoa:

Nigeria 1: Uzoho; Moses, Balogun, Ekong, Omeruo (Iwobi, 89. min), Idowu; Ndidi, Etebo, Obi Mikel; Iheanacho (Ighalo, 46. min) eta Musa.

Hautatzailea: Gernot Röhr

Argentina 2: Armani; Mercado, Otamendi, Rojo, Tagliafico (Aguero, 79. min); Enzo Perez (Pavon, 60. min), Mascherano, Banega, Di Maria (Meza, 71. min); Messi eta Higuain.

Hautatzailea: Jorge Sampaoli

Golak: 0-1, 14. min: Messi; 1-1, 51. min: Moses, penaltiz; 1-2, 86. min: Rojo.

Epailea: Cuneyt Cakir (Turkia). Txartel horiak: Balogun eta Obi Mikel (Nigeria); Mascherano, Banega eta Messi (Argentina).