Itxi

Munduko futbol txapelketapelketa

MULTZOEN FASEA

Espainiak gol zaparrada sartu dio Zambiari, eta final-zortzirenetarako txartela ziurtatu du (5-0)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Vildak zuzentzen duen selekzioa C multzoko liderra da sei punturekin, Japoniarekin berdinduta. Datorren astelehenean, uztailaren 31n, elkarren aurka jokatuko dute multzoko lehen postua erabakitzeko.

  • Irene Paredes eta Oihane Hernandez, aurkari batekin lehian baloia berreskuratzeko. Argazkia: EFE

    Irene Paredes eta Oihane Hernandez, aurkari batekin lehian baloia berreskuratzeko. Argazkia: EFE

Espainiako selekzioak Australiako eta Zeelanda Berriko Munduko Txapelketako final-zortzirenetan izango dela ziurtatu du asteazken honetan, Zambiari aise gailendu eta gero (5-0). Irene Paredes gipuzkoarra titular gisa aritu da, eta Oihane Hernandez bizkaitarra, ostera, aulkitik aterata zelairatu da bigarren zatiaren hasieran.

Jorge Vildaren jokalariek jardunaldi bateko aurrerapenarekin bermatu dute hurrengo faserako sailkapena, eta, beraz, nahiko baldintza erosoan iritsiko dira hirugarren jardunaldira, C multzoko lehen postua zehazteko erabakigarria izango den Japoniaren aurkako partidara, alegia. Bata zein bestea elkarren aurka arituko dira datorren astelehenean, uztailaren 31n.

Intentsitate handiko lehen minutuetan, Espainiak berehala ireki du markagailua Teresa Abelleirak 9. minutuan area kanpotik egindako jaurtiketa indartsu eta zehatz baten bidez.

Lau minutu geroago, Jenni Hermosok Espainiako selekzioko goleatzaile nagusi historikoa dela erakutsi du, eta markagailuko aldea handitu du, burukada batekin, Alexia Putellasen erdiraketa neurtua jaso ondoren.

Dena den, Zambiak ez du etsi, nahiz eta markagailuaren emaitza kontrakoa izan eta defentsa ahulduta eduki. Izan ere, hirugarren atezainarekin jokatu dute, Hazel Nali atezaina lesionatuta baitago, eta Catherine Musondak zigorra bete behar zuen gaurkoan, lehen jardunaldiko neurketan bi txartel hori ikusi baitzituen).

Barbra Banda kapitain eta aurrelaria erreferente nagusitzat hartuta, talde afrikarrak borroka egin du, eta, hala, Rachael Kundananjik (Eibarreko jokalari ohia) eta Siomala Mapepak arriskua sortu dute espainiarren inguruetan.

Haatik,Mapepak partida utzi behar izan du lehen zatian, falta gogor bat jaso ondoren, eta bi taldeen erritmoa moteldu egin da.

Espainiako taldea hiru aldaketa eginda itzuli da zelaira bigarren zatian. Vildak Alexiari atseden ematea erabaki du, eta Alba Redondo atera du haren ordez. Horrez gain,  atsedenaldia eman die Salma Paralluelori eta Ona Battllleri ere, eta haien tokian sartu dira Eva Navarro eta Oihane Hernandez sopeloztarra, hurrenez hurren.

Bigarren zatiaren hasiera lehenengoa baino parekatuagoa izan ostean, Espainiako taldeak laster egiaztatu du bere 23 jokalarien sendotasuna, Alba Redondok hirugarren gola sartu baitu Eva Navarroren jaurtiketa baten ondoren.

Geroxeago, Irene Guerreroren erremate batek zutoinean jo osteko aldaratzea sareetara bidali du Jenni Hermosok. Hasiera batean, epaileak baliogabetu egin badu ere, VARak baliozkotasuna eman dio madrildarraren bigarren golari.

Horren ondoren, Zambiak behera egin du eta tarte gehiago utzi ditu, Navarrok eta Redondok aprobetxatu dituztenak. Azkenean, Levantekoak bosgarren gola sartu du.

Fitxa teknikoa:

5 - España: Misa Rodríguez; Ona Battle (Oihane Hernández, 46. min), Irene Paredes, Ivana Andrés, Olga Carmona; Teresa Abelleira, Aitana Bonmatí (Irene Guerrero, 61. min), Alexia Putellas (Alba Redondo, 46. min); Mariona Caldentey (Athenea del Castillo, 83. min), Jennifer Hermoso eta Salma Paralluelo (Eva Navarro, 46. min).

Entrenatzailea: Jorge Vilda.

0 - Zambia: Eunice Sakala; Lushomo Mweemba (Vast Phiri, 76. min), Margaret Belemu, Martha Tembo, Agness Musesa; Susan Banda (Mary Wilombe, 37. min), Evarine Katongo (Ochumba Lubandj, 76. mini), Ireen Lungu; Rachael Kundananji, Barba Banda eta Siomala Mapepa (Avell Chitundu, 37. min).

Entrenatzailea: Bruce Mwape.

Golak: 1-0: Teresa Abelleira, 9. min. 2-0: Jenni Hermoso, 13. min. 3-0: Alba Redondo, 69. min. 4-0, Jenni Hermoso, 70. min. 5-0: Alba Redondo, 85. min.

Epailea: Oh Hyeon-jeong (Hego Korea). Txarel horiak: Ochumba Lubandji eta Martha Tambo (Zambia).