Itxi

Osasuna

Errege Kopa

Osasunak Ebro menderatu du (3-5), kanporaketa bizi-bizian, eta Errege Kopako final-hamaseirenetan da

EITB

Aragoiko taldeak hartu du aurrea, lehen zatiko azken jokaldian, baina, bigarren zatian, Osasunak, Raul Garciak sartutako bi golen eta Moi Gomezek, Beckerrek eta Victor Muñozek ere sartutako hiruren bidez, garaipena eskuratu du.

2:00

Osasuna 2025-2026 denboraldiko Errege Kopako final-hamaseirenetarako sailkatu da, astearte gauean. Nafarroako taldeak Ebro kanporatu du, txapelketako bigarren kanporaketan, 3-5 irabazita, Zaragozan, Modular futbol zelaian. Raul Garcia de Harok sartu ditu Osasunaren lehenengo bi golak, 49. eta 78. minutuetan, Moi Gomezek egin du hirugarrena, 84.ean, Sheraldo Beckerrek lortu du laugarrena, 88.ean, eta Victor Muñozek, luzapenean, bosgarrena egin du, partidako azken jokaldian.

Kanporaketa bizi-bizia izan da, Kopako benetako partida bat; Ebro, Ligan, Bigarren RFEF mailan dabil baina estutu egin du talde gorritxoa, eta Alessio Lisciren gizonek ahalegin handia egin behar izan dute garaile ateratzeko. Aragoiko taldeak Osasunak azken gola sartu arte izan du aukera aurrera egiteko, alegia, 97. minutura arte.

Lehen zatiko azken jokaldian, Ebrok kontraeraso bat baliatu du, 1-0ekoa sartzeko; Kevin Soeirok egin du hori, eta etxeko taldeak, aurretik, arriskua sortua zuen horrelako jokaldietan, azkar aterata. Bigarren zatian, hasi bezain laster, Raul Garciak, penaltiz, banakoa egin du, eta gorritxoek presio handiagoa egin dute, bigarren golaren bila. Raul Garciak egin du hori, 78. minutuan izan da, Beckerren erdiraketa on bat sareetera bidalita.

Ematen zuen Osasunak kontrolpean zuela kanporaketa, baina, jarraian, 80. minutuan, Marc Pratek berdindu egin du. Hamar minutu besterik ez ziren gelditzen amaierarako, baina tarte horretan hainbat gauza jazo dira. Aurrena, 84. minutuan, Moi Gomezek areaz kanpotik sartutako gol bikaina izan da; berehala, Beckerrek 2-4koa sartu du, Victor Muñozek ezin hobeto egindako jokaldi bat burututa.

Luzapenean, Victor Charlezek, penaltiz, 3-4koa egin du, baina Osasunako Victor Muñozek gola sartu eta sailkatzea bermatzea erdietsi du. Nafarroako taldea, horrela, final-zortzirenetako zozketan izango da, datorren asteartean, hilaren 9an.

Fitxa teknikoa

3 – Ebro: Lite; Angel Rueda (Usher, 74. min), Ivan Perez, Espi, Javi Hernandez; Prat (Vadilllo, 91. min), Muñoz, Reques (Borja Romero, 91. min); Charlez, Soeiro (Sergio Escolar, 74. min), Daniel Martinez (Kevin Sanchez, 57. min).

5 – Osasuna: Aitor; Iñigo Argibide (Mikel, 85. min), Catena, Osambela (Herrando, 45. min), Juan Cruz (Abel Bretones, 82. min); Pedroarena (Ruben Garcia, 67. min), Iker Muñoz, Moi Gomez; Becker, Raul Garcia, Kike Barja (Victor Muñoz, 45. min).

Golak: 1-0, 45. min: Soeiro; 1-1, 49. min: Raul Garcia; 1-2, 78. min: Raul Garcia; 2-2, 80. min: Marc Prat; 2-3, 84. min: Moi Gomez; 2-4, 88. min: Becker; 3-4, 92. min: Charlez; 3-5, 97. min, Victor Muñoz.

Epailea: Miguel Sesma (Errioxa). Ebroko Ivan Perez eta Espi eta Osasunako Moi Gomez zigortu ditu, txartel horia aterata.

Nabarmentzekoa: 3.488 zale izan dira Modular futbol zelaian; 500, gorritxoak.