Itxi

Osasuna

1-0 Celtaren aurka

Osasunak garaipena lortu du eta jaitsiera postuak atzean utzi ditu

Erredakzioa

Talde gorritxoak 1-0 irabazi dio Celtari, eta Vigoko taldea aurreratu du sailkapenean. Armenterosek sartu du partidako gol bakarra, 55. minutuan. Nafarrek salbazioa lortzeko aurrerapausoa eman dute.

  • Armenteros. Argazkia: EFE

    Osasunako jokalariak Armenterosek Celtari sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak 1-0 irabazi dio Celtari Reyno de Navarran, eta hiru puntuak eskuratuta, salbazio lortzeko aurrerapauso handia eman du. Armenteros izan da partidako golegilea.

Partidako lehen minutuetan ez zen abagunerik egon, baina lehia bizia izan zuten bi taldeetako jokalariak zelai erdian. Osasunari eta Celtari asko kostatzen zitzaien aurkariaren ate ingurara arriskuarekin gerturatzea. Hogeita bigarren minutuan iritsi zen norgehiagokako lehen abagunea. Osasunak sortu zuen Armenterosen erremate bati esker, baina baloia kanpora joan zen. Hiru minutu geroago Armenteros berak, langara bidali zuen errematea, eta hgeita zazpigarren minutuan etorri zen Celtaren erantzuna; Iago Aspasen errematea, ordea, langa gainetik kanpora joan zen.

Talde gorritxoak abagune argiak izan zituen hogeita bederatzigarren eta hogeita hamargarren minutuetan. Javi Varasek erantzuna bikaina eman zien Cejudok egindako bi jaurtiketa indartsuei. Azken minutuetan Osasunak gola sartu zuen, baina epaileak legez kanpo utzi zuen Javi Varas atezainari falta egin ziotelako. Horrenbestez, golik gabe (0-0) bukatu zen lehen zatia.

Bigarren zatia bizi hasi zen, talde bakoitzarentzat abagune banarekin. Ninok gertu izan zuen gola 48. minutuan, baina behartuta iritsi zen errematera, eta ez zuen asmatu. Jarraian, Iago Aspasen jaurtiketa, kanpora joan zen. 55. minutuan iritsi zen gorritxoen gola. Osasunaren aldeko korner baten Lolok ez zuen behar bezala errematatu, baloia Armenterosi iritsi zitzaion, eta honek ez zuen kale egin; 1-0ekoa sartu zuen.

Gola hartuta Celtari asko kosta zitzaion erreakzionatzea. Vigoko taldeak ez zuen abagunerik sortu partidako azken txanpara arte. 79. minutuan abagune bikaina izan zuen Celtak, baina ez Demidov eta ez Park, ez ziren errematera iritsi. 83. minutuan Celtak berdintzeko aukera polita izan zuen. Baloia Alex Lopezi iritsi zitzaion, eta area barrutik egindako errematea kanpora joan zen. Azken minutuetan Celtak arean baloiak jarrita arriskua sortu nahi zuen, baina Osasunak ez zuen arazo gehiegirik izan 1-0eko emaitzari eusteko, eta gorritxoek garaipen garrantzitsua lortu zuten.

Fitxa teknikoa:

1 - Osasuna: Andres Fernandez, Damia, Ruben, Miguel Flaño, Nano; Lolo (Raoul Loe, 88. min), Oier Sanjurjo; Cejudo (Silva, 68. min), Nino, Armenteros eta Kike Sola (Llorente, 65. min).

0 - Celta: Javi Varas, R. Lago, Tuñez, Demidov, Cabral (Park, 60. min), Jony, Oubiña, Pranjic, Mario Bermejo (Alex Lopez, 74. min), De Lucas (Toni, 60. min) eta Iago Aspas.

Gola: 1-0, 54. min: Armenteros.

Epailea: Hernandez Hernandez.