Itxi

Osasuna

1-0 Zaragozaren aurka

Osasunak garaipen garrantzitsua lortu du, eta jaitsieratik aldendu da

Erredakzioa

Kike Solak sartu du partidako gol bakarra laugarren minutuan. Gorritxoek bost puntura dituzte jaitsiera postuak.

1:38

Osasunak garaipen garrantzitsua lortu du Zaragozaren aurka (1-0), eta jaitsiera postuetatik aldendu da. Talde gorritxoak, bost puntura du jaitsiera jada.

Partidak erritmo bizia izan zuen lehen minututik, eta abaguneak ere hasi bezain laster ikusi ahal izan ziren. Zaragozak izan zuen lehen abagunea, baina Rochinaren jaurtiketa gutxigatik kanpora joan zen. Osasunaren erantzuna laugarren minutuan etorri zen, eta nolako erantzuna gainera. Damiak bikain erdiratu zuen, eta Kike Solak sare barrura bidali zuen errematea 1-0ekoa sartuta.

Norgehiagokako lehen gola sartuta, bi taldeei asko kosta zitzaien abaguneak sortzea. Talde gorritxoak bigarren gola sartzeko aukera izan zuen hamabigarren minutuan, baina Cejudoren jaurtiketa gutxigatik kanpora joan zen. Zaragozak ez zuen abagune argiak sortzeko bidea aurkitzen. 25. minutuan, ordea, Montañesen jaurtiketak arriskua sortu zuen Andres Fernandezek defendatzen duen ate inguruan. Zortzi minutu geroago, Zaragozak lehen zatian izandako abagune onena eduki zuen, baina Andres Fernandezek gola eragotzi zuen Rochinaren jaurtiketari erantzun bikaina emanda. Lehen zatia Osasunaren aldeko 1-0eko emaitzarekin bukatu zen.

Bigarren zatian, bi taldeek ez zuten erritmoa jaitsi, eta abaguneak izan zituzten lehen minutuetan. Osasunak 2-0koa sartzeko abagunea izan zuen 53. minutuan, baina Kike Solak ez zuen ondo errematatu Armenterosek egindako erdiraketa. Jarraian, Zaragozak ere partida berdintzeko aukera izan zuen, baina Rochinaren jaurtiketa gutxigatik kanpora joan zen. Zaragozak arriskua sortu, eta bi minutu geroago Oierrek ezin izan zuen Kike Solaren pase dotorea gutxigatik errematatu.

Minutuak pasa ahala Zaragoza berdinketaren bila joan nahian ibili zen, baina ez zen abagune argiak sortzeko gai izan. Manolo Jimenezek zuzentzen duen taldea erasokor ari zen, eta Osasunak kontraerasoan min egiteko aukera izan zuen. 'Gato' Silvak partida erabakita uzteko aukera izan zuen, baina Roberto atezainak gola eragotzi zuen. Ninok ere izan zuen gorritxoen bigarren gola sartzeko aukera, baina ez zuen asmatu. Luzapenean, Apoñoren falta jaurtiketa gutxigatik kanpora joan zen, eta, horrenbestez amitu zen partida Osasunaren aldeko 1-0eko emaitzarekin.