Itxi

Osasuna

Krisia

'Hedabideen lintxamendu pertsonala jasan behar izan dut'

Erredakzioa

Kluba egoera larrian da Bigarren Mailara jaitsita eta jokalariei ordainketak egiteko beharrarekin, 2. B Mailara jaitsi nahi ez badute.

"Lintxamendu pertsonala jasan behar izan dut hedabideen aldetik", salatu du ostiral honetan Miguel Archanco, Osasunako presidenteak

"Lintxamendu pertsonal oso, oso, oso, oso gogorra jasan dut hedabideen partetik. Oso txarto pasatu dut, eta nire familiak ere", esan die El Sadarren bildu diren kazetariei.

Foru Ogasunak eskatutako bideragarritasun plana atzeratzea eragin du Archanco presidenteak, eta, ondorioz, bere dimisioa ere atzeratu eginda, astelehena arte.

Erabakia Archancok berak aditzera eman du El Sadarren Osasunako zuzendaritzako kideekin eta langileekin egindako premiazko bileraren ostean. Zuzendaritzatik Sandro Barnes bakarrik falta izan da.

Zuzendaritzako zenbait kidek eta klubeko langileek proposamen ezberdinak egin dizkiote presidenteari, Osasuna bazkideek osatutako batzorde kudeatzaile baten eskuetan geratzea ekiditeko. Batzorde horretako kideak zozketa bidez aukeratuko lituzkete eta kluba zuzenduko lukete datorren ostiralean hasi eta presidente berria izendatu arte.

Hala ere, Archancok ez ditu proposamen horiek onartu, eta, ondorioz, hilaren 20ko ezohiko batzarrerako deia indarrean da. Bertan, bazkide konpromisarioek presidentea hautatzeko hauteskundeei oniritzia eman beharko diete.

40 milioi euroko zorra

Presidente gorritxoak gaur entregatu behar zion Foru Ogasunari klubaren bideragarritasun plana. Osasunak 40 milioi euroko zorra du. Plana entregatzeaz gain, Archanco ekainaren lehen hamabostaldian dimisioa ematekoa zen.

Kluba egoera larrian da, Osasunako langileen arabera, izan ere, erabaki garrantzitsuak hartu behar dira Bigarren Mailara jaitsi ostean. Jokalariei ordaindu egin behar diete, bestela, 2. B Mailara jaisteko arriskua daukate.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea