Itxi

Osasuna

1-0

Osasunak irabazi egin du liderraren aurka eta lehen bi sailkatuekin berdinduta dago

eitb.eus

Talde gorritxoak 1-0 irabazi dio Granadari, Sadarren. Ruben Garciak sartu du gola. Liderra den Granadarekin eta bigarren den Malagarekin berdinduta dago, 44 punturekin.

  • Osasuna-Granada. Argazkia: @CAOsasuna

    Osasuna-Granada. Argazkia: @CAOsasuna

Osasunak garaipen garrantzitsua lortu du Granada liderraren aurka (1-0), eta berdinketa hirukoitza dago sailkapeneko lehen postuetan, 44na puntu baitituzte Granadak (lider), Malagak (bigarren) eta talde gorritxoak (hirugarren).

Lehen zatia oso parekatua izan da, eta abagune gutxikoa. Hala ere, bi taldeek baloi bakoitza lehiatu dute, azkena izango balitz bezala. Granadak eman du lehen abisua bigarren minutuan, baina Clercek atepetik atera du baloia, gola eragotziz. Osasunaren erantzuna, Roberto Torresen jaurtiketa baten bitartez etorri da. Lehen zatiko 36. minutuan penaltia eskatu du Osasunak, Granadako jokalari batek eskuarekin moztu baitu Vidalen erdiraketa area barruan. Epaileak ez du ezer adierazi, eta, kontraerasoan Adrian Ramosek abagune bikaina izan du, baina ez du asmatu Ruben atezainaren aurrean. Lehen zatiko azken minutuak nahiko eroak izan dira. Ruben Garciaren erremate ona, gelditu egin du Rui Silva atezainak. Unai Garcia talde gorritxoko jokalaria bikain gurutzatu da Quiniren errematea eragozteko, eta Juan Villarrek urrunetik egin duen jaurtiketa bikaina, Rui Silvak desbideratu du.

Erasokor zelairatu da Osasuna bigarren zatian, baina ez du abagune argirik sortu. Kosta egin zaio gol-aukerak sortzea talde gorritxoari, area kanpotik egindako jaurtiketen bitartez arriskua sortzen saiatu den arren.

Granadak ere ez du abagune argirik sortu bigarren zatian. Osasuna sendo mantendu da defentsako lanean, eta aurkariak ezin izan du zulorik aurkitu. Nagusi izan da Osasuna, eta gorritxoen ekinak saria jaso du 78. minutuan Ruben Garciak sartu duen golari esker (1-0). Jokalari gorritxoak gol bikaina sartu du, area kanpotik egindako jaurtiketa ikusgarri baten bitartez.

Azken minutuetan erasora jo du Granadak, berdinketa bilatzeko asmoarekin. Hala ere, Osasuna sendo mantendu da defentsako lanean. Ondo eutsi die aurkariaren ahaleginei, eta hiru puntuak eskuratu ditu.

Fitxa teknikoa:

1 - Osasuna: Ruben Martinez; Nacho Vidal, David Garcia, Unai Garcia, Clerc; Roberto Torres, Oier, Fran Merida (Iñigo Perez, 72. min), Kike Barja (Rober Ibañez, 72. min); Juan Villar eta Ruben Garcia (Luis Perea, 88. min).

0 - Granada: Rui Silva; Victor Diaz, German, Martinez, Quini; Alberto Martin, Jose Antonio (Rodri, 78. min); Vadillo (Pozo, 69. min), Fede Vico, Antonio Puertas (Dani Ojeda, 56. min); Adrian Ramos.

Golak: 1-0, 78. min: Ruben Garcia.

Epailea: Daniel Jeses Trujillo. Txartel horiak atera dizkie Kike Barja, Juan Villar, Roberto Torres, Nacho Vidal, German eta Victor Diaz jokalariei.