Itxi

Osasuna

123 Liga

Osasunak irabazi egin du Malagan, eta lehen postuan jarraitzen du (1-2)

Agentziak | Erredakzioa

Gorritxoek irauli egin dute markagailua bigarren zatian, andaluziarrak aurretik joan baitira atsedenaldira.

  • Osasunak 2-1 irabazi dio Malagari.

    Osasunak 2-1 irabazi dio Malagari. Argazkia: @caosasuna

Osasunak eutsi egin dio Bigarren Mailako lidergoari astelehen honetan, Malagari Rosaledan 1-2 irabazi eta gero. Gorritxoek buelta eman behar izan diote markagailuari bigarren zatian, atsedenaldira 1-0 galtzen joan baitira.

Etxekoak nagusi izan dira lehen zatian, Jagoba Arrasateren taldea noraezean ibili baita tarte horretan, Malagakoen presioa gainditu ezinda.

Ondorioz, andaluziarrek gola sartzetik gertu egon dira zenbaitetan, et,a azkenerako, euren xedea lortu dute. Gustavo Blanco Leschuk aurrelari argentinarrak erdiraketa on bat jarri du eskuin hegaletik, eta Adrianek area barruan buruz jo eta sareetara eraman du baloia, atzelariei gailenduta (15. minutua).

Osasunak aurrera jo du gola jaso ostean, eta Malagaren area ingurura hurbildu da hegaletatik egindako erdiraketen bidez, baina saririk lortu gabe.

Malaga estu ibili da une horietan. Dena den, gutxika-gutxika erasora begira jarri da berriro. Hartara, Ontiverosen bakarkako jokaldi batean, andaluziarrak ia ezustean harrapatu du Ruben, gorritxoen atezaina.

Jarraian, Renato Santos ere bigarrena egiteko zorian egon den arren, buelta erdian egindako bere jaurtiketa kanpora joan da.

Atsedenaldiaren ostean, norgehiagoka erabat aldatu da. Ordura arte apenas aukerarik sortu duen Osasunak kontraeraso azkar bat antolatu du Malagaren korner baten ostean. Ruben Garciari iritsi zaio baloia, eta erdilariak bere abiadura aprobetxatu du Munir atezainaren aurrean paratu, haren irteera ahaleginean baloia ate barruan jarri eta lehia berdintzeko (47. minutua).

Nafarren gola kolpe gogorra izan da andaluziarrentzat, eta kostatu egin zaie berriro norgehiagokaren barruan sartzea. Aitzitik, lortu egin dute, eta partida joan-etorrikoa bihurtu da, Juan Villarrek, Iñigo Perezen pase bikain bat baliatuta, Osasunaren bigarren gola erdietsi duen arte (75. minutua).

Horrenbestez, Osasuna berriro bueltatu da 123 Ligako lehen tokira 57 puntu pilatu ondoren, eta zazpi puntuko aldea dauka igoerako play-offeko postuekiko. Bertan dago kokatuta Malaga (50), laugarren postuan, hiru jardunaldi irabazi gabe kateatuta.

Fitxa teknikoa:

1 - Malaga: Munir, Ivan Rodriguez, Luis Hernandez, Pau Torres, Ricca, Ontiveros (Harper, 80. min), N'Diaye, Keidi Bare (Mula, 77. min), Renato Santos (Seleznov, 77. min), Adrian eta Blanco Leschuk.

2 - Osasuna: Ruben, Nacho Vidal, David Garcia, Unai Garcia, Clerc, Rober Ibañez (Brandon, 70. min), Oier, Fran Merida (Iñigo Perez, 64. min), Roberto Torres, Ruben Garcia eta Juan Villar (Aridane, 86. min).

Golak: 1-0, 15. min: Adrian. 1-1, 47. min: Ruben Garcia. 1-2, 75. min: Juan Villar.

Epailea: Diaz de Mera. Txartel horiak: Ontiveros, Adrian, Ricca eta Harper (Malaga); Nacho Vidal, Oier, Herrera eta Fran Meida (Osasuna).