Itxi

Osasuna

Euskal Derbia

Osasunak eta Eibarrek golik gabe berdindu dute Sadarren

Erredakzioa

Puntu bana eskuratu du talde bakoitzak. Gorritoxoek lau puntu bildu dituzte bi jardunalditan, eta armaginek denboraldiko lehen puntua erdietsi dute.

  • Chimy Avila eta Sergio Alvarez. Argazkia: EFE

    Chimy Avila eta Sergio Alvarez, Osasuna - Eibar euskal derbian. Argazkia: EFE

Futbola 2019-2020
Futbola 2019-2020 (Osasuna - Eibar)0:1:40 min.

Osasunak eta Eibarrek golik gabe berdindu dute (0-0) Sadarren jokatu duten Ligako bigarren jardunaldiari dagokion partida. Berdinketa honekin, talde gorritxoak lau puntu ditu jada, eta armaginek denboraldiko lehen puntua erdietsi dute.

Lehen zatia parekatua izan da, eta abagune gutxikoa. Jokoa asko trabatu da bi taldeek egin dituzten falta ugariengatik. Osasuna saiatu da neurketari bizitasuna ematen, eta Eibar sendo mantendu da defentsako lanean.

Talde gorritxoa nagusi izan da lehen zatiaren azken txanpan, eta pare bat abagune izan ditu. Partidako 39. minutuan, Jon Moncayolaren jaurtiketa kornerrera desbideratu du Dmitrovic Eibarko atezainak. Hurrengo jokaldian, epaileak baliorik gabe utzi du Chimy Avilak sartu duen gola, aurrelari argentinarra jokoz kanpoko posizioan baitzegoen errematea egin duenean.

Bigarren zatian, partidak erritmo biziagoa izan du, baina abaguneak urriak izan dira. Osasunak abagune paregabea izan du 56. minutuan, baina Dmitrovic atezainak armaginen gola eragotzi du, Chimy Avilaren erremateari erantzun paregabea emanda. Eibarren erantzuna 62. minutuan iritsi da, gutxigatik kanpora joan den erremate baten bitartez. Azken txanpan, Eibarrek falta jaurtiketen bitartez izan du norgehiagoka irabazteko aukera, baina Arbillaren eta De Blasisen jaurtiketak oso desbideratuta joan dira.

Fitxa teknikoa:

0 – Osasuna: Ruben; Nacho Vidal, David Garcia, Estupiñán; Roberto Torres (Brandon, 87. min), Moncayola, Brasanac, Rober Ibáñez; Chimy Avila (Juan Villar, 80. min) eta Marc Cardona (Ruben Garcia, 66. min).

0 – Eibar: Dmitrovic; Tejero, Oliveira, Sergio Alvarez, Arbilla (Pedro Leon, 87. min); Orellana (Edu Exposito, 67. min), Pape Diop, Escalante, De Blasis; Sergi Enrich (Charles, 63. min) eta Kike Garcia.

Epailea: Medie Jimenez. Txartel horiak atera dizkie Nacho Vidal, Chimy Avila, Brasanac eta David Garcia Osasunako jokalariei, baita Sergio Alvarez, Oliveira, Charles eta Arbilla, Eibarko jokalariei.