Itxi

Osasuna

Mezua

Chimy Avila: 'Bide luzea daukat aurretik, baina indartsuago bueltatuko naiz'

Erredakzioa

Osasunako aurrelariak lotailu gurutzatua hautsi zuen Levanteren aurkako Ligako partidan, eta ez du gehiago jokatuko denboraldi honetan. Jasotako babesagatik eskerrak eman ditu mezu baten bitartez.

  • Chimy Avila. Argazkia: EFE

    Chimy Avila, Sevillari sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Chimy Avila Osasunako aurrelariak belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen Levanteren aurkako Ligako 21. jardunaldiko partidan, eta ezingo du gehiago jokatu denboraldi honetan. Astelehen honetan, mezu baten bitartez, jasotako babesagatik eskerrak eman ditu.

Honela eman dio hasiera mezuari jokalari argentinarrak: "Bizitzak oztopoak jartzen dizkizu, baina norberarengan dago gerra ematen jarraitzea. Maite nuenagatik borrokatzen ikasi nuen. Ostiralean, niretzat eta nire familiarentzat oso garrantzitsua zen partida bati ekin nion. Laguntzen eta babesten nauen jende guztiarentzat ere neurketa benetan garrantzitsua zen. Hauek guztiek, badakite azken unera arte neukan guztia eman nuela. Beti esan dut partida bakoitza nire bizitzako azkena izango bailitzan jokatzen dudala".

"Gaur, sendatze-prozesu luze bati ekiten diot, baina nire inguruan dudan jendearen laguntzarekin, errazagoa izango da. Egun hauetan hainbat animo mezu jaso ditut sare sozialetan, eta eskerrak eman beharrean nago. Aurretik bide luzea eta gogorra dut, baina badakit indartsuago eta ilusio gehiagorekin itzuliko naizela. Asko kosta zait heldu naizen tokira iristea. Pirinioak eskalatzea beste kosta zait. Hala ere, prest nago orain arte lortutakoa berriz lortzeko. Nire izena oihukatzen dutenen, eta Komandantearekin gozatzen dutenen poztasunak soilik arduratzen nau", adierazi du Chimy Avilak.