Itxi

Osasuna

1-1

Osasunak berdindu egin du Valentziaren aurka, aurretik jarri den arren

A. B. | EITB Media

Talde gorritxoak bana (1-1) berdindu du Mestallan jokatu duen Ligako 19. jardunaldiko partida. Jaitsiera postuetan jarraitzen du Osasunak, 16 punturekin.

0
Valentzia – Osasuna

Osasunak bana (1-1) berdindu du Valentziaren aurka Mestallan jokatu duen Santander Ligako 19. jardunaldiko partida. Talde gorritxoak jaitsiera postuetan jarraitzen du 16 punturekin, salbazioa bi puntura duelarik.

Lehen zatia parekatua eta abagune gutxikoa izan da. Osasunak jokaldi arriskutsua lotu du 9. minutuan, baina Calleriren jaurtiketa kanpora joan da Paulistarengan jo ostean. Geroago, 25. minutuan, Roberto Torresen saiakerak ez du aterik topatu. Valentziak 39. minutuan erantzun du; Gayak erdiraketa egin, eta Wassek gaizki errematatu du. Bi minutu beranduago, Nacho Vidalek jokaldi ona egin du hegaletik, area barruan baloia jaso du Callerik, eta 0-1ekoa sartu du aurrelari gorritxoak. Ondorioz, Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldea gol bateko abantailarekin iritsi da atsedenaldira.

Erasokor ekin dio Valentziak bigarren zatiari, eta Javi Graciak zuzentzen duen taldea gola sartzetik gertu egon da 48. minutuan, baina Maxi Gomezen errematea kanpora joan da. Ekinean ibili da Valentzia, eta Herrera atezainak etxeko taldearen gola saihestu du 65. minutuan, Maxi Gomezen errematea desbideratuta. Lau minutu beranduago, ordea, Maxi Gomezek baloia arean jarri, Yunusek erdiratu, eta Unai Garciak bere atean sartu du gola (1-1).

Berdinketaren ostean, Osasunak ia berriz bere atean sartu du gola, baina, zorionez Nacho Vidalen aldentzea kanpora joan da. Osasunak norgehiagokako 84. minutuan izan du garaipena lortzeko abagune bikaina; Calleriren jaurtiketak, ordea, zutoina jo du eta ez da ate barrura sartu. Luzapenean, 91. minutuan, talde gorritxoak beste gol aukera bat izan du, baina Manu Sanchen errematea kanpora joan da. Amaieran, puntu bana talde bakoitzarentzat.

Fitxa teknikoa:

1 - Valentzia: Jaume; Correia, Paulista, Diakhaby, Gaya; Wass, Soler, Racic (Musah, 59. min), Cheryshev (Guedes, 67. min); Kang In (Gameiro, 59. min) eta Maxi Gomez.

1 - Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Unai García, Roncaglia, Juan Cruz; Roberto Torres (Iñigo, 76. min), Moncayola (Oier, 86. min), Torro, Javi Martinez (Kike, 76. min); Ruben Garcia (Manu Sanchez, 76. min) eta Calleri.

Golak: 0-1, 42. min: Calleri. 1-1, 69. min: Unai Garcia, bere atean.

Epailea: Hernandez Hernandez. Txartel horiak atera dizkie Wass Valentziako jokalariari, baita Nacho Vidal eta Juan Cruz Osasunako futbolariei. Neurketako 15. minutuan Osasunako talde teknikoko kide bat egotzi u, bi txartel horia aterata.