Itxi

Osasuna

0-0

Osasunak puntu bat eskuratu du Real Madrilen aurka, defentsan lan bikaina eginda

A. B. E. | EITB Media

Talde gorritxoak golik gabe berdindu du (0-0) Santiago Bernabeu estadioan jokatu duen Santander Ligako hamaikagarren jardunaldiko partida.

0
Real Madril vs Osasuna: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Osasunak puntu bat eskuratu du Real Madrilen aurka golik gabe berdinduta (0-0) Santiago Bernabeu estadioan asteazken honetan jokatu duen Santander Ligako hamaikagarren jardunaldiko partidan.

Real Madril izan da baloiaren jabe lehen zatian, Osasuna atzean sartuta egon da, eta abaguneak urriak izan dira. Madrilgo taldeak eman du lehen abisua 22. minutuan, baina Camavingak area barruan egin duen errematea kanpora joan da. Zortzi minutu geroago, Sergio Herrera atezainak Militaoren jaurtiketa indartsua desbideratzea lortu du. Ia jarraian, Viniciusek egin duen jaurtiketa ez da sare barrura sartu, oso gutxigatik.

Lehen zatiko azken txanpan, talde gorritxoak arriskua eraman du Real Madrilen ate ingurura, baina Osasunaren jokaldiak errematerik gabe amaitu dira.

Bigarren zatiaren hasieran izan du Osasunak partidako abagune argiena. Gorritxoek kontraerasoa antolatu dute, Chimy Avilak pase bikaina eman dio Moncayolari, eta erdilariak zutoinera bidali du errematea. Ondoren, Real Madril izan da nagusi. Kroosek area kanpotik egin duen jaurtiketa batekin erantzun du Ancelottik zuzentzen duen taldeak, eta Benzemaren errematea langara joan da 61. minutuan. Ekinean jarraitu du Real Madrilek, baina Osasuna bikain ibili da defentsako lanean. Gainera, 73. minutuan, arriskua eraman du aurkariaren ate ingurura, David Garciak egin duen erremate baten bidez.

Azken txanpan, erasora jo du etengabe Real Madrilek, eta Osasunak gogotik lan egin du atzealdean. Neurketako 88. minutuan, abagune argia izan du Madrilgo taldeak Viniciusen eta Marceloren artean egin duten jokaldi on baten ostean; Marcelok baloia loratu du Sergio Herrera atezainaren aurrean, eta errematea kanpora joan da, oso gutxigatik. Ia amaieran, 92. minutuan, Nacho Vidalek eragotzi du Real Madrilen gola, Marcelok egin duen jaurtiketa desbideratuta. Amaieran, golik gabeko berdinketa (0-0) eta puntu bat talde bakoitzarentzat.

Fitxa teknikoa:

0 – Real Madril: Courtois; Carvajal (Lucas Vazquez, 69. min), Militao, Alaba, Mendy (Marcelo, 69. min); Casemiro, Camavinga (Rodrygo, 46. min), Kroos; Marco Asensio (Hazard, 69. min), Benzema eta Vinicius.

0 – Osasuna: Sergio Herrera, Nacho Vidal, Unai Garcia, David Garcia, Juan Cruz, Manu Sanchez, Torró, Javi Martinez (Darko Brasanac, 67. min), Moncayola (Oier, 89. min), Kike Garcia (Barbero, 89. min) eta Chimy Avila (Ruben Garcia, 67. min)

Epailea: César Soto Grado. Txartel horia atera dio Camavinga (27. min) Real Madrileko jojkalariari, baita Unai Garcia (15. min) Osasunako futbolariari ere.