Itxi

Osasuna

SARIA

Osasunak jasoko du 2021eko Nafarroako Urrezko domina

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Osasunak jasoko du 2021eko Nafarroako Urrezko domina. Nafarroako Gobernuak Foru Erkidegoko sari nagusia aitortu dio talde gorritxoari, "nafar guztien gizarte- eta lurralde-kohesiorako egindako ekarpenarengatik".

  • Osasunaren harmarria.

    Osasunaren harmarria. Argazkia: @CDOsasuna

Nafarroako Gobernuak Osasunari aitortu dio 2021eko Nafarroako Urrezko Domina, "nafar guztien gizarte- eta lurralde-kohesiorako egindako ekarpenarengatik". Hala jakinarazi du Javier Remirez Gobernuko bozeramaile eta presidenteordeak Gobernu bileraren ostean emandako prentsaurrekoan.

Remirezek aurreratu duenez, saria Maria Chivite presidenteak emango dio abenduaren 3an, Nafarroaren Egunean, egingo den ekitaldi instituzional nagusian.

Saria emateko dekretuan jasotzen denez, Osasuna "Nafarroan sustraitze sozial handia duen kirol-erakundea da; iaz mendeurrena bete zuena". Dekretuaren testuan azpimarratzen da "Osasuna Nafarroako gizartearentzat kirol-erakunde bat baino zerbait gehiago izan dela eta dela. Sentimendu horrek nafar guztien gizarte- eta lurralde-kohesioari laguntzen dio, aniztasuna eta pluraltasuna ezaugarri dituen Foru Erkidegoan".

Nafarroako Gobernuak azaroaren 10ean ezagutu zituen sariaren epaimahaiak aurkeztutako hiru proposamenak (Aspace, Osasuna eta Juan Miguel Gil Jaurena kirurgialaria), erakundeek edo pertsonek aurkeztutako hainbat hautagaitza jaso ondoren. Areto-futboleko Xota taldeak aurkeztu zuen Osasunaren proposamena, Jose Antonio Arregui presidentearen bitartez.

Nafarroako Urrezko Domina Foru Erkidegoak ematen duen sari gorena da, eta pertsona, erakunde, entitate eta kolektiboek jaso dezakete gizartea hobetzen, balio demokratikoak sendotzen eta Nafarroa kanpoan proiektatzen laguntzen nabarmentzeagatik.

Hartara, 1982az geroztik Foru Komunitatearen sari nagusia jaso duten 37 pertsona edo erakunderen zerrendan sartu da Osasuna.