Itxi

Futbola

EUSKAL DERBIA

Realak lidergoa sendotu du Sadarren (0-2)

I. G. | EITB MEDIA

Mikel Merino talde gorritxoko jokalari ohiaren golak eta Januzajen penaltiak amaierara arte borrokatu den Osasuna garaitu dute.

0
Osasuna vs Real Sociedad: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Realak 0-2 irabazi dio Osasunari, donostiarrek azken laurdenean Mikel Merinoren eta Januzajen golei esker erabaki duten partidan. Hala, beste garaipen bat lortu du, lidergoa berriz eskuratzeko.

Osasuna indartsu zelairatu da lehen minutuetan, hegaletatik hainbat aldiz barneratuta, baina gorritxoek ez dute arrisku handirik eragin.

David Garciak ez du aterik ikusi urrunetik egindako jaurtiketa batean. Realari kostatu egin zaio jokaldiak bere areatik abiatzea, Jagoba Arrasatek proposatutako presio gogorraren ondorioz.

Imanol Alguacilen mutilek baloiaren jabetza eskuratu dute minutuak pasatu ahala. Januzajen, Silvaren edo Mikel Merinoren kalitatea nagusitu da Osasunaren joko gogorraren aurrean, baina berdintasuna izan da nagusi lehen 45 minutuetan.

Atsedenaldiak on egin dio Osasunari. Nafarrak dena ematera zelairatu dira, eta Darkok izan du aukerarik argiena, kontraeraso bikain batean.

Donostiakoek sorte pixka batekin aurkitu dute golaren saria.

Merinok area aurretik jaurti du, eta baloiak David Garcia jo du, ate barrura sartu aurretik. Sergio Herrerak ezin izan du ezer egin gola saihesteko.

Ondoren, amaierarako hamar minutu falta zirenean, Unai Garciak penaltia egin dio Januzaji, eta txuri-urdinek ez dute hutsik egin.

0-2koa kolpe latza izan da gorritxoentzat, eta lidergoan sendotu du Reala. Txuri-urdinek hamar denboraldi daramatzate gorritxoen aurka galdu gabe.

Fitxa teknikoa

0 – Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal; Unai Garcia, David Garcia; Manu Sanchez (Cote, 83. min); Torro; Kike Barja (Chimy Ávila, 70. min), Moncayola, Darko, Rubén García (Torres, 83. min); Kike Garcia (Budimir, 83. min).

2 – Reala: Remiro; Zaldua, Aritz, Le Normand, Rico (Aihen, 46. min); Barrenetxea (Portu, 70. min), Zubimendi, Merino, Januzaj (Lobete, 87. min); Isak (Sorloth, 70. min), Silva (Turrientes, 83. min).

Golak: 0-1, 72. min: Mikel Merino. 0-2, 82. min: Januzaj, penaltiz.

Epailea: Ortiz Arias. Epaileak txartel horia erakutsi die Realeko Diego Rico eta Zubimendiri.