Osasuna
1-1
Osasunak berdindu egin du Vila-realen aurka Madrigalen
Erredakzioa
Brunok sartu du partidako lehen gola 43. minutuan, baina Raul Garciak berdinketa lortu du 72.ean gol ikusgarria sartuta. Banako (1-1) emaitzarekin bukatu da partida.
Osasunak ezin izan zuen garaipena lortu Vila-realen aurka Madrigalen. Bi talde hauen arteko neurketa 1-1eko emaitzarekin bukatu zen.
Gorritxoek gogoz ekin zioten partidari. Mendilibarrek zuzentzen duen taldea nagusi izan zen lehen ordu laurdenean eta laugarren minutuan eman zuen lehen abisua. Ninoren jaurtiketak Mariorengan jo eta kornerrera joan zen baloia. Minutuak pasa ahala, Vila-real hobeto kokatu zen eta norgehiagoka berdindu egin zen. Momentu horretatik aurrera joan etorrikoa izan zen jokoa.
Partidako 16. minutuan Raul Garciak bigarren zutoinera buruz pasea eman eta Nino ez zen gutxigatik errematera iritsi. Bi minutu beranduago Brunok erdiraketa egin, baloiak Bertranen bizkarrean jo eta lagara joan zen baloia. Osasunaren erantzuna jarraian etorri zen; Diego Lopezek erantzun bikaina eman zion Ninoren jaurtiketa gurutzatuari 22. minutuan. Partida erotu egin zen, alde baten eta bestean zeuden gol aukerak. 33. eta 34. minutuetan talde bakoitzak jaurtiketa bana bidali zuten zutoinera. Lehenengo Marco Rubenen jaurtiketak zutoina aurkitu zuen eta minutu bat beranduago gauza bera gertatu zitzaion Nekounami area kanpotik egin zuen jaurtiketarekin. Bi aukera hauek izan ondoren bazirudien norgehiagoka golik gabe iritsiko zela atsedenaldira, baina ez zen horrela izan. Brunok 1-0ekoa sartu zuen 44. minutuan; Andres Fernandezek Sennaren jaurtuiketa desbideratu, baloia Brunori iritsi zitzaion eta maisuki gola sartu zuen. Vila-realen aldeko 1-0eko emaitzarekin iritsi zen partida atsedenaldira.
Bigarren zatian Vila-real izan zen hobeto zelairatu zena eta, ondorioz, hasierako minutuetan partida erabakita uzteko aukera gehien izan zituena. Andres Fernandezek lan ugari izan zuen hasierako minutuetan. Lehenengo Hernan Perezen jaurtiketa on bat geratu zuen, ondoren, Borja Valeroren aurkako buruz burukoa bikain salbatu zuen eta, azkenik, Borja Valero beraren jaurtiketa bortitzari erantzun bikaina eman zion.
Osasuna ez zebilen ondo bigarren zati honetan, baina 60. minutuan partida berdintzeko moduan egon zen. Raul Garciak oin puntarekin errematea egion eta baloia gutxigatik kanpora joan zen. Vila-realek berera jarraitu zuen eta Lotinak zuzendutako taldea joko ona erakusten ari zen. Gorritxoak momentu txarrena pasatzen ari zirenean Raul Garciak Lamahren pasea jaso zuen area hertzean, baloia pixka bat loratu eta boleaz Diego Lopez gainditu zuen 1-1ekoa sartuta. Partidako azken minutuetan Vila-real baloi loratuen bitartez saiatu zen Osasuna arazoetan sartzen, baina Mendilibarrek zuzentzen duen taldea seguru azaldu zen defentsa lanean eta banako (1-1) berdinketarekin bukatu zen norgehiagoka.
Puntu banaketa honekin Osasunak 48 puntu ditu eta Europa Leagueko postuetako atarian dago. Vila-real, ordea, jaitsieratik gertuago dago, lau puntura.
Fitxa teknikoa:
1-Vila-real C.F.: Diego Lopez, Mario, Musacchio, Zapata, Jaume Costa, Bruno, Senna, Borja, Cani (Wakasso, 69'), Hernan Perez (Nilmar 83'), Marco Ruben.
1-C.A. Osasuna: Andres Fernandez, Marc Bertran, Lolo, Roversio, Damia, Puñal (Lekic, 66'), Nekouman, Raul Garcia, Lamah (Cejudo, 79'), Ibrahima (Timor, 66'), Nino.
Golak: 1-0. min. 43. Bruno Soriano, 1-1. min. 71. Raul Garcia.
Epailea: Turienzo Alvarez.