Itxi

Osasuna

Santander Liga

Osasuna serio batek garaipena lortu du Valentziaren etxean (1-2)

EITB Media

Chimy Avilak eta Budimirrek egin dituzte gorritxoen golak. Nafarrak bederatzigarren tokira igo dira sailkapenean.

0
Valentzia vs Osasuna: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Valentziak eta Osasunak Santander Ligako 32. jardunaldiko partida jokatu dute Mestallako futbol-zelaian. Talde nafarrak oso partida serioa egin, eta garaipena erdietsi du noren eta Valentziaren etxean (1-2).

Jose Bordalas Valentziako entrenatzaileak, Kopako finala buruan duela, atsedena eman dio Carlos Soler kapitainari; Osasunan nobedade nagusiena Jagoba Arrasatek Oier Sanjurjo hasierako hamaikakoan sartu duela da.

Gaur arrosaz jantzi duen talde nafarrak baloia utzi du talde valentziarrari hasierako minutuetan. Lehen abagunea 13. minutuan heldu da, Racicek areaz kanpotik jaurti eta Sergio Herrerak baloia ondo aldaratu egin du.

Osasunaren gol aukera onena 21. minutuan heldu da; Chimy Avilak, kontra-erasoan egindako jokaldian, zutoinera bidali du baloia.

Lehen zatian Valentzia gehiago izan da, baina hutsean joan dira aldageletara.

Bigarren zatia hasi eta hirugarren minutuan baloia Foulquierren besoan eman eta penaltia adierazi du epaileak. Chimy Avilak ez du huts egin eta 0-1ekoa egin du. Bordalasen taldeak berdinketaren bila aurrera pausoa eman eta Bryanek berak 58.ean aukera ona izan, baina kanpora joan da bere jaurtiketa.

Nafarren defentsa lana oso ona izan da eta Valentziari erasoko bideak itxi dizkio. Gainera, 74. minutuan ezker hegaletik jokaldia egin eta Budimirrek arena barruan buruz bigarrena egin du gorritxoentzat (0-2).

81. minutuan Guedesi egindako penaltia adierazi du epaileak, erabaki polemikoa VAR sisteman begiratu eta baieztatu behar izan dutena; Solerrek 1-2koa egin du. Azken minutuetan berdinketa bilatu du etxeko taldeak eta nahiz eta zazpi minutuko luzapena izan markagailua ez da berriro mugitu.

FITXA TEKNIKOA

1 - Valentzia: Mamardashvili, Foulquier, Diakhaby (Mosquera, 85'), Guillamón, Gaya (Jesus Vazquez, 85'), Racic, Ilaix (Carlos Soler, 65'), Helder Costa (Marcos Andre, 65'), Bryan Gil (Cheryshev, 74'), Guedes eta Hugo Duro.

2 - Osasuna: Herrera, Nacho Vidal, David Garcia, Aridane, Manu Sanchez, Torro, Oier (Javi Martinez, 64'), Cote (Ruben Garcia, 64'), Moncayola, Chimy Avila (Darko Brasanac, 73') eta Budimir.

Futbol-zelaia: Mestalla

Epailea: Melero Lopez

Golak:

0-1, Chimy Avilak, penaltiz (50')

0-2, Budimir (74')

1-2, Soler, penaltiz (82')

Guedes y Nacho Vidal

Gonzalo Guedes eta Osasunako Nacho Vidal

Jagoba Arrasate

Jagoba Arrasate entrenatzailea