Itxi

Osasuna

Santander Liga

Osasunak galdu egin du Valentziaren aurka partida zoro batean (1-2)

I. G. | EITB MEDIA

Defentsako despisteei Unai Garciaren eta Ruben Peñaren txartel gorriak gehitu zaizkie, baita Chimy Avilak huts egindako penalti bat ere.

  • Osasunako jokalariak Ilaixi baloia kendu nahian

    Osasunako jokalariak Ilaixi baloia kendu nahian. Argazkia: EFE

Osasunak bigarren porrota jaso du Sadarren jarraian Valentziaren aurka (1-2). Unai Garciaren txartel gorriak hiru puntuak hurbildu dizkio Gennaro Gattusoren taldeari, nafarrek partida serioa egin arren.

Osasuna - Valentzia partidako laburpena (1-2)

Bi taldeetako bat ere ez da besteaz fio partidaren hasieran eta zelai erdialdea zeharkatzea zaila izan da. Abdek bere talentua erakutsi du Kike Garciari takoiz eginiko pase batekin, baina honek ezin izan du jokaldia amaitu, jaurtiketa gehiegi gurutzatu baitu.

Valentziak jokoaren jabetza lortu du Osasunaren hasiera on baten ostean lerroak aurreratzeko.

Unai Garciak baloia galdu du, eta galera horrek partidako lehen gola eragin du lehen ordu erdian. Erdiko atzelaria zelai erdira irten da eta Valentziak baloia lapurtu dio.

Cavanik banakako kabalkada bat egin du pase sakon bat sartu aurretik, Kluivertek gola sar zezan.

Bisitarien bigarren gola korner batetik sortu da. Jokaldi nahasgarri baten ondoren, baloia Diakhabyren oinetan geratu da. Erdiko atzelariak nahi bezala sartu du baloia sarera.

Bi minutu geroago, Hugo Guillamonek gaizki neurtu du eta Kike Garciari ostikada bat eman dio, penaltia eraginez. Chimy Avila izan da jaurtitzailea. Argentinarrak jo eta bere eskuinkadak hodeietara bidali du baloia.

Unai Garciari txartel gorria atera dio epaileak 69. minutuan eta Cavani izan da valentziarren eskura zuten penaltia sartzeko jaurtitzailea. Uruguaitarrak langa jo du 11 metroetatik.

Ondoren presaka ibili da Osasuna, partida gorritxoei mesederik egin ez dien joan-etorri bat bilakatuz. Darkok aldea murriztu du 93.ean, baina dena hor bukatu da.

Azkenean, Valentziak denboraldiko lehen garaipena lortu du bere estadiotik urrun eta Osasunak bigarren porrota jarraian jaso du etxean.

Fitxa teknikoa

1 – Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, (Peña, 46. min) Aridane (Manu Sanchez, 46. min), Unai Garcia, Juan Cruz; Moi Gomez (Chimy Avila, 53. min), Moncayola, Lucas Torro, Abde (Darko, 72. min); Aimar Oroz (Ruben García, 63. min), Kike Garcia.

2 – Valentzia: Mamardashvili; Thierry, Cömert, Diakhaby (Paulista, 86. min), Gaya; Moriba (Lato, 75. min), Guillamon (Musah, 60. min), Almeida; Kluivert (Foulquier, 75. min), Cavani (Hugo Duro, 75. min), Lino.

Golak: 0-1 Kluivert (28. min), 0-2 Diakhaby (53. min), 1-2 Darko (90+3. min).

Epailea: Miguel Angel Ortiz Arias. Txartel horia atera die Osasunako Torro, Sergio Herrera eta Darko jokalariei, baita Valentziako Ilaix, Musah, Comert eta Guillamon jokalariei ere. Unai Garcia eta Ruben Peña kanporatu ditu txartel gorrierakin. Diakhabyri ere txartel gorria atera dio aulkian zegoela.