Itxi

Osasuna

14. JARDUNALDIA

Osasunak guztia alde zuela galdu du Bartzelonaren aurka (1-2)

B. L. G. | EITB MEDIA

Seigarren minutuan gola egin eta oraindik markagailuan aurretik zirela, 30. minutuan, epaileak Lewandowskiri bigarren txartel horia erakutsi, eta kaleratu egin du. Bigarren zatian, bi gol jaso dituzte gorritxoek.

  • Osasunak ezin izandu garaipena erdietsi

    Osasunak ezin izandu garaipena erdietsi. Argazkia: EFE

Osasunak ezin izan du Bartzelona mendean hartu, lehen zatian guztia gorritxoen alde jarri den arren. David Garciak 6. minutuan gola sartu du, eta 30. minutuan, Lewandowski kaleratu du epaileak bigarren txartel horia erakutsita. Atsedenalditik bueltan, ordea, Bartzelonak indarrak bildu, eta 47. minutuan eta 85. minutuan sartutako golekin, Xavi Hernandezen taldeak markagailua irauli du.

Osasuna - Bartzelona partidak laburpena (1-2)

Partida ezin hobeto hasi da Osasunarentzat: 5. minutuan, aukera bikoitza izan dute, Chimyren jaurtiketa Marcos Alonsok atera du, eta aldaratzean, Moncayolaren jaurtiketa, berriz, Busquetsek. Baloi hori kornerrera joan da eta David Garciak markagailua ireki du talde gorritxoarentzat.

Gol horrekin nahikoa ez, eta Osasunak zelaian agintzen jarraitu nahi izan du. 15. minutuan, Chimyk beste aukera argi bat izan du, baina baloiak atearen kanpoaldean  jo du.

30. minutuan, bigarren txartel horia erakutsi dio epaileak Lewandowskiri, eta Bartzelonak bat gutxiagorekin jarraitu behar izan du Sadarren.

Jokalari bat gehiagorekin, Jagoba Arrasatek zuzendutako mutilek ahalegina egin dute bigarren gola sartu, eta garaipena ziurtatzeko baina ez dute lortu Bartzelonaren atea zulatzerik.

Gainera, 45. minutuan Ferran Torresek partida berdindu du. Marrazainak, baina, banderatxoa jaso, eta VARraren beharrik gabe, gola baliogabetu du epaileak.

Bigarren zatia guztiz ezberdina izan da. Osasuna behera etorri da berehala, eta 47. minutuan, Pedrik partida berdindu du.

Osasunak izan ditu minutu onak, 69. minutuan Chimyk hegaletik egindako jaurtiketa bat ate barrura sartzekotan egon da, baina Ter Stegenek baloia kornerrera bidali du.

Osasunak baina 85. minutuan kolpe latza jaso du. Frenkie De Jongek pase bikaina jarri dio Raphinhari, eta honek, buruz egin du Bartzelonaren bigarren gola.

Egoera ikusita, Osasuna oldartu, eta azken minututan gogor aritu da erasoan. Budimirrek eta Moncayolak aukera bana izan dituzte 88. eta 90+1. minutuetan, hurrenez hurren, baina, hala ere, ez dute gola egiterik lortu.

Finean, Osasunak bere alde zuen partida bat galdu du Sadarren, eta 23 punturekin helduko da Munduko Txapelketako geldialdira.

Fitxa teknikoa:

1 - Osasuna: Aitor Fernandez; Nacho Vidal, Unai Garcia, David Garcia, Juan Cruz; Aimar (Darko, 74. min), Moncayola, Torro (Kike Garcia,59. min), Moi Gomez (Budimir, 83. min); Chimy Avila (Barja, 83. min), Ruben Garcia (Peña, 74. min).

2 - Bartzelona: Ter Stegen; Balde, Christensen (Gavi, 74. min), Alonso, Alba; Busquets, De Jong, Pedri (Chadi Riad, 88. min); Dembele (Raphinha, 78. min), Lewandowski eta Ferran Torres (Ansu Fati, 78. min).

Golak: 1-0, 6. min: David Garcia. 1-1, 47. min: Pedri. 1-2, 85. min: Raphinha.

Epailea: Gil Manzano. Txartel horiak atera dizkie Osasunako Juan Cruzi, David Garciari, Torrori eta Moncayolari. Bartzelonaren aldetik, Jordi Albari, Balderi eta Xavi Hernandezi. Txartel bikoitza atera dio Lewandowskiri (11. min eta 31. min), eta atsedenaldian, Pique kaleratu du.