Itxi

Osasuna

SANTANDER LIGA

Osasunak berdindu egin du Elxen aurka (1-1)

B. L. G. | EITB MEDIA

Lehen zatian gorritxoak nagusitu badira ere, bigarrenean sufritzea egokitu zaie. Chimy Avilak zulatu du atea 20. minutuan, baina ez da nahikoa izan garaipena lortzeko, Carmonak banakoa jarri baitu markagailuan, 67. minutuan.

  • Osasunak sufritutako garaipena lortu du Elxen aurka

    Osasunak sufritutako garaipena lortu du Elxen aurka. Argazkia: EFE

Osasunak bana berdindu du Elxekin (1-1) bi zati oso ezberdin izan dituen partidan. Lehen zatian gorritxoak izan dira nagusi, eta 20. minutuan Chimyren gol batekin aurrea hartzea lortu dute. Bestalde, bigarren zatian etxekoak golaren bila irten dira, eta kontraeraso baten bidez lortu dute berdinketa, 67. minutuan.

Elx-Osasuna partidako laburpena

Hasierako minutuak parekatuak izan dira Elxen. Hala ere, ez da abagune argirik egon, eta berehala hasi da Osasuna jokoaren aginte-makila hartzen.

Osasuna nagusi izan da erasoan, baina ez du azken errematea egiterako garaian asmatu. Azkenean, baina, 20. minutuan jaso dute saria gorritxoek: Kike Barjak egindako erdiraketa ona bikain errematatu du Chimy Avilak. Aurrelariak buruz erremate indartsua egin, eta baloia ate barruan sartu da langa jota.

Golaren ostean, Osasunak baloiaren jabetza mantendu du. Izan dute markagailuan aldea zabaltzeko aukerarik, 37. minutuan kasu: Diego Morenok erdiraketa arriskutsua egin du, baina ez Budimirrek ezta Kike Barjak ere, ez dute asmatua, eta ezin izan dute aurkariaren atea zulatu. Ondorioz, gorritxoek ez dute abantaila handitu atsedenaldiaren aurretik.

Bigarren zatian, berriz, Elx partidaren bila joan da. Carmonak aukera argia izan du banakoa markagailuan jartzeko 62. minutuan, baina Aridanek jaurtiketa estali eta gola ekidin du. Lau minutu beranduago, ordea, Carmonak berak bikain amaitu du etxeko taldearen kontraerasoa, eta berdinketaren gola egin du.

Gola lortuta askoz oldarkorrago aritu dira etxekoak. Osasunak baloia berreskuratzen zuenean arrisku gutxi sortu du. Alacantekoek, berriz, Aitor Fernandezen areara hurbildu direnetan arrisku handia sortu dute; adibidez,  Bigasen bakarkako jokaldi batean.

Azken hamar minutuetan Osasunak aurrerapausoa eman badu ere, ez da gai izan garaipenaren gola sartzeko. Azkenean, puntuak banatu dira, eta Jagoba Arrasatek zuzendutako taldeak sufritutako puntu bat lortu du.

Fitxa teknikoa:

1 - Elx: Edgar Badía, Palacios, Roco, Bigas; Carmona (Tete Morente, 87. min), Gumbau, Mascarell, Fidel (Ponce, 68. min). Lautaro Blanco (Clerc, 68. min), Pere Milla (Raul Guti, 80. min) eta Lucas Boyé (Roger Martí, 87. min).

1 - Osasuna: Aitor Fernández; Diego Moreno, David García, Aridane, Manu Sánchez; Pablo Ibáñez (Moncayola, 65. min), Darko Brasanac, Moi Gómez (Aimar, 56. min), Kike Barja (Abde, 74. min), Chimy Ávila (Rubén García, 65. min) eta Budimir (Kike García, 74. min).

Golak: 0-1, 20. min: Chimy Ávila. 1-1, 67. min: Carmona

Epailea: Muñiz Ruiz. Txartel horiak atera dizkie Carmonari eta Lautaro Blancori (Elx) eta Chimy Avilari (Osasuna).