Itxi

Osasuna

Santander Liga

Osasunak galdu egin du Getaferen aurka, baina zazpigarren postuan jarraitzen du (2-1)

I. G. | EITB MEDIA

Chimy Avilak aurretik jarri ditu gorritxoak bi minutura, baina Latasaren eta Mataren bi golek markagailua irauli dute. Hala ere, gainerako partidetako emaitzei esker, nafarrek zazpigarren postuari eutsi diote.

  • Manu Sanchez (Osasuna) baloi baten lehian

    Manu Sanchez (Osasuna) baloi baten lehian. Argazkia: EFE

Osasunak porrota jaso du Getaferen zelaian (2-1) igande honetan, Santander Ligako azken-aurreko jardunaldian. Chimy Avilak aurretik jarri ditu gorritxoak bi minutura, baina Latasaren eta Mataren bi golek markagailua irauli dute. Hala ere, gainerako partidetako emaitzei esker, nafarrek zazpigarren postuari eutsi diote.

Getafe - Osasuna partidako laburpena

Partida ezin hobeto hasi da Osasunarentzat, 2. minuturako Chimy Avilak gola sartu baitu (0-1). Argentinarrak bigarren aukera bat izan du Aimarrek egindako jokaldi bikain batean, baina 9aren jaurtiketa langa gainetik joan da.

Hurrengo minutuetan, partida oso parekatua izan da, Latasak 1-1ekoa sartu duen arte etxekoentzat, atsedenaldira joan aurretik.

Aldageletatik bueltan, Getafek aukera oso argia izan du area txikian Porturen burukadarekin, baina langa jo du. Chimyk ia baloia lapurtu dio aurkariaren atezainari, baina baloia atzeko lerrotik joan da.

Pablo Ibañezek boleaz eduki du gol aukera 10 minuturen faltan, baina baloia kanpora joan zaio jaurtiketa bikaina egin arren.

Azkenean, Getafek izan du bere saria, Matak azken minutuan garaipenaren gola sartu baitu (2-1).

Fitxa teknikoa

2 - Getafe: Soria; Damian, Mitrovic, Alderete, Gaston; Portu (Munir, 77. min), Maksimovic (Algobia, 88. min), Djene, Milla (Villar, 77. min), Jaime Mata; eta Latasa (Mayoral, 88. min).

1 - Osasuna: Sergio Herrera; Ruben Peña, Aridane, David García, Manu Sanchez; Pablo Ibañez (Iker Muñoz, 89. min), Lucas Torro, Aimar Oroz; Abde (Kike Barja, 67. min), Chimy Avila (Moncayola, 77. min) eta Ruben Garcia (Kike Garcia, 77. min).

Golak: 0-1, 2. min: Chimy Avila; 1-1, 39. min: Latasa; 2-1, 89. min: Jaime Mata.

Epailea: Antonio Mateu Lahoz. Txartel horia atera die Portu, Maksimovic, Djene eta Abderi.