Itxi

Osasuna

KONFERENTZIA LIGA

Osasuna, Brujasen aurkako kanporaketa Sadarren bideratzeko asmoz

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Talde gorritxoa 16 urte geroago itzuliko da Europara, eta lehia hori zuzenean ikusi ahal izango da ETB1en eta eitb.eus-en, 20:30etik aurrera.

  • Osasunaren eta Brujasen arteko kanporaketa. Argazkia: EITB

    Osasunaren eta Brujasen arteko kanporaketa. Argazkia: EITB

Osasunak Konferentzia Ligako multzoen fasera sartzeko play-offaren joaneko partida jokatuko du ostegun honetan Brujasen aurka, 20:30ean (ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai). Hala, talde gorritxoa Europako lehiaketa batean arituko da 16 urte geroago, Sadarren emaitza positiboa lortuta kanporaketa bideratzeko helburuarekin.

Denboraldiko erronka garrantzitsuenetako bati egin beharko dio aurre Osasunak, sasoia hasi besterik egin ez denean. Kirol Arbitrajeko Auzitegiaren erabakiz lortu zuen Jagoba Arrasateren taldeak UEFAren baimena txapelketa honetan lehiatzeko, eta azken fasetik gertu dago ia bi hamarkada geroago. Horretarako, ordea, azken bost urteotan Txapeldunen Ligan parte hartu duen Brujas menderatu beharko du.

Sadarren 2007ko apirilean izan zen Europa mailako txapelketa bateko azken neurketa: UEFA Koparen finalaurrekoa izan zen, Sevillaren kontrakoa. Orduan, Javier Aguirrek entrenatutako taldea irabazten hasi zen Roberto Soldadok sartutako golari esker, baina kanporaketa galtzen amaitu zuten, itzulikoan 2-0 galduta. Ordutik, Nafarroako kluba bitan jaitsi da Bigarren Mailara, baina orain Europa du berriro aurrean.

Konferentzia Ligako play-off hau Europako seigarren kanporaketa da Osasunaren historian. 2006an jokatu zuen azkena, Trabzonsporren aurka. Orduan, UEFAko multzoen faserako sailkatzea zuen helburu. Golen balio bikoitzak lagun izan zuten gorritxoek, bi partidak berdinduta amaitu baitziren (2-2/0-0). Aste batzuk lehenago, Txapeldunen Ligatik kanpo geratu ziren, Hamburgorekin galdu zutelako. Beste hiruretan, bi aldiz egin zuten aurrera.

Datu historikoak aztertuta, joanekoa baikortasunez ikus daiteke. Europan etxean jokatutako 14 partidetatik bakarra galdu du Osasunak (Ajaxen kontra, 1991n). Ondoren, beste bederatzi jokatu ditu, bat bera ere galdu gabe; horietatik bostetan nagusi izateaz gain, lautan ez zuen golik jaso.

Larunbatean Ligan Athleticen aurkako partida galdu ostean iritsiko dira Jagoba Arrasaterenak. Hala ere, ez da espero teknikari bizkaitarrak aldaketa gehiegi egitea. Ligako lehen bi jardunaldietan hamaikako bera zelairatu du, eta Brujasen aurrean oso aldaketa gutxi egitea espero da, Sergio Herrera atezainarenaz gain.  

Brujas, bere aldetik, sasoi onean dator Sadarrera. Ronny Deilak zuzentzen duen taldea Jupiler Pro League ligako lehen postuan dago, lau jardunaldi jokatuta. Azken neurketan, Belgika ipar-mendebaldeko taldeak 7-1 irabazi zion Lehen Mailara igo berri den RWDMri. Gainera, Osasunarekin jokatuko du sasoiko hirugarren kanporaketa. Aurreko bietan, bidean utzi ditu Aarhus daniarra (3-1) eta Akureyri islandiarra (10-2).

Golak egiteko indar handia erakutsi du (22 sartu ditu azken lau partidetan). Era berean, hegaleko jokalari erasotzaileak ditu, eta Osasunak horiei ere egin beharko die aurre.

EITBk zuzenean eskainiko du norgehiagoka, ETB1en eta eitb.eus-en, bai gaurko joanekoa, bai datorren asteko itzulikoa.

Balizko hamaikakoak:

Osasuna: Sergio Herrera; Peña, Catena, David García, Mojica; Torró; Rubén García, Moncayola, Aimar, Moi Gómez; Budimir.

Brujas: Mignolet; Buchanan, Mechele, Spileers, De Cuyper; Vetlesen, Onyedika; Olsen, Zinckernagel, Nusa; Thiago.

Epailea: Benoit Millot (Frantzia).

Futbol-zelaia: Sadar.