Itxi

Futbola

EA Sports Liga

Athleticek Osasuna garaitu du Sadarreko euskal derbian (0-2)

I. G. | EITB MEDIA

Bilbotarrek denboraldiko lehen garaipena lortu dute Iñaki Williamsen eta Guruzetaren golei esker. Gorritxoak nagusi izan dira bigarren zatian, are gehiago Sanceten kanporaketaren ostean, baina ez dira gola sartzeko gai izan.

  • Mojica (Osasuna) eta Williams (Athletic) baloiaren lehian. Argazkia: EFE

    Mojica (Osasuna) eta Williams (Athletic) baloiaren lehian. Argazkia: EFE

Athleticek irabazi du EA Sports Ligako lehen euskal derbia, Sadarren Osasuna 0-2 mendean hartuta. Iñaki Williamsek eta Gorka Guruzetak aurretik jarri dituzte bilbotarrak 20. minuturako, eta nafarrak ez dira gai izan emaitzari aurre egiteko, nahiz eta 59. minututik bat gehiagorekin jokatu, Sancetek txartel gorria ikusi ostean. Bigarren zatian gorritxoak nagusi izan dira eta Unai Simonen area etengabe astindu dute, baina Athleticeko atezainak aurkariaren abagune bakoitza hautsi du.

Osasuna - Athletic Club partidako laburpena

Athleticek 11. minutuan eman du lehen astindua. Williams anaietako gazteenak erdiraketa itxi bat jarri du Iñakik 0-1ekoa egin zezan. Anaien arteko loturak ezin hobeto funtzionatu du ordura arte aurkariaren helmuga gehiago bilatu duen Osasunaren aurka.

Une horretatik aurrera, gorritxoek norabidea galdu dute eta Athleticek aurkariak urduri jartzeko aprobetxatu du. Valverderen mutilek 20 minutura jo dute kolpea berriro. Nico Williamsek ihes egin du bi aurkaritatik eta baloia Guruzetari eman dio sarean nahi bezala sartzeko (0-2).

Ruben Garciak aukera paregabea izan du Simonen aurrean bakarrik geratuz, baina ez du ondo aukeratu. Etxekoei kosta egin zaie area aurkitzea, eta lortu dutenean, ez dute punteriarik izan. Mojicak Ruben Garciaren erdiraketa jaso du bigarren zutoinean, baina ez du jakin ondo errematatzen.

Unai Simonen esku hartze on batek David Garciaren gola eragotzi du.

Norgehiagokaren bilakaera aldatu egin da Sanceten kanporaketarekin. Nafarra, David Garciak kontraerasoa mozteko falta egin ondoren, aurkariarekin liskartu da, eta Munuera Monterok bigarren txartel horia atera dio.

Egoera txarra ikusita, Arrasatek eskema aldatu du Raul Garcia eta Budimir erasoko puntan jarriz.

Hala ere, Osasunak ez du gizon bat gehiagorekin zuen nagusitasun guztia erabiltzen jakin, eta Athleticek denarekin defendatu du lehen zatian lortutako abantaila.

Fitxa teknikoa

0 – Osasuna: Osasuna: Aitor: Peña, Catena, David Garcia, Mojica; Moncayola, Torro (Arnaiz, 60. min), Aimar (Raul García, 74. min); Ruben Garcia (Chimy Avila, 60. min), Budimir, Moi Gomez (Pablo Ibañez, 84. min).

2 – Athletic: Simon; De Marcos (Lekue, 34. min), Vivian, Paredes, Imanol (Padros, 84. min); Galarreta, Vesga; Iñaki Williams (Raul Garcia, 84. min), Sancet; Nico Williams (Berenguer, 65. min); Guruzeta (Ander Herrera, 65. min).

Golak: Williams 0-1 (11. min), Guruzeta 0-2 (20. min).

Epailea: Jose Luis Munuera Montero. Txartel horia atera dio David Garciari eta gorria Chimy Avilari Osasunaren aldetik. Lekue, Unai Simon, Ruiz de Galarreta, Sancet eta Herrerari txartel horia atera die, eta Sancet kanporatu du bigarren txartel horiarekin Athleticen aldetik.