Itxi

Osasuna

Konferentzia Liga (Itzulikoa)

Osasunak gertu izan du sailkapena Brujasen, baina Konferentzia Ligatik kanpo geratu da (2-2)

I. G. | EITB MEDIA

Brujas nagusi izan da neurketan, baina gorritxoak izan dira aurrea hartu dutenak kanporaketan, Mojicaren eta Budimirren bi golekin. Hala ere, Belgikako taldeak presioa egiten jarraitu, eta partida berdindu du hiru minuturen buruan, Thiagoren eta Olsenen golekin.

  • Budimir, Brujasen aurkako partidan. Argazkia: EFE

    Budimir, Brujasen aurkako partidan. Argazkia: EFE

Osasunak berdinketa lortu du ostegun honetan Belgikako hirian Brujasen aurka jokatu duen Konferentzia Ligako play-offetako itzulerako partidan (2-2). Hala, joaneko 1-2ko emaitzarekin, Europako txapelketatik kanpo geratu da. Brujas nagusi izan da neurketan, baina gorritxoak izan dira aurrea hartu dutenak kanporaketan Mojicaren eta Budimirren bi golekin. Hala ere, Belgikako taldeak presioa egiten jarraitu du eta partida berdindu du hiru minuturen buruan, Thiagoren eta Olsenen golekin.

Brujasek etxean jokatzen zuen, eta hori partidaren lehen minutuetatik nabaritu da, jokoaren gidoian nagusitu eta Osasunaren areara lehen hurbilketak etxeko taldearenak izan baitira. Osasuna ere ez da atzean geratu, eta Moncayolak beldurra sartu die etxekoei area kanpotik egindako lehen jaurtiketarekin.

Buchananek izan du partidako lehen abagune argia, etxeko taldearen jokaldi on batean. Baloia bigarren zutoinera sartzen saiatu da, atezainarentzat geldiezina, baina jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik.

Brujasek jokoan nagusi izaten jarraitu du, eta Osasuna hegaletatik kontraerasoak egiten saiatu da, benetako arriskurik sortu gabe. Chimy Avilak jaurtitako falta bat izan da gertuen egon dena, baina desbideratuta joan da.

Belgikako taldea markagailua irekitzetik gertu egon da Zinckernagelen jaurtiketarekin amaitu den jokaldi on batean, eta Sergio Herrerak esku hartu behar izan du.

Chimyk buruz izan du gorritxoen lehen aukera argia. Kornerrean bukatu du, baina hortik atera da Osasunaren lehen gola. Estrategiako jokaldi batean, Moncayolak Mojicari eman dio pasea, hark area kanpotik jaurti eta partidako lehen gola sartzeko (0-1).

Golak ez ditu Belgikako taldearen animoak moteldu, eta ezker hegaletik erdiraketak eginez erasotzen jarraitu du.

De Cuyper partida berdintzear egon da areaz kanpotik egindako ezkerkada batekin. Baliak zutoina jo du, eta inork ezin izan du aldaratzea harrapatu.

Bigarren zatia hasi eta gutxira, Boyotak etxekoen gola sartu du falta batean, baina epaileak baliorik gabe utzi du jokoz kanpo zegoelako.

Osasunak erantzun onena eman dio abagune horri, bigarren gola sartuta. Budimirrek erdiraketa bat buruz errematatu, eta eskuinera bidali du, behera. Mignolet ez da fin ibili, eta talde nafarra aurretik jarri da kanporaketan (0-2).

Brujasek gola gertu izan du berriro Thiagoren buruz burukoan, baina aurrelaria motel ibili da eta horren jaurtiketa gora joan da.

Berak eman dio emozioa neurketari, 73. minutuan. Korner itxi batean, Thiago bigarren zutoinera sartu da baloia errematatzera, eta, defentsaren erresistentziarik gabe, kanporaketa berdindu du (1-2).

Handik minutu gutxira, Mojicak baloia galdu du bere arean, eta Osasunak oso garesti ordaindu du akats hori, Olsenek baloia lapurtu eta jaurtiketa gogorra egin baitu. Herrerak ez du ezer egiterik izan baloia gelditzeko (2-2).

Thiagok markagailua handitu ahal izan du eskuinkada batekin, baina horren jaurtiketak langa jo du.

Osasunak azken unera arte jarraitu du borrokan, eta aurkariaren areara hurbiltzeko aukera ere izan du, baina ez da nahikoa izan. Beraz, Konferentzia Ligatik kanpo geratu da (2-2, 4-3 guztira).

Fitxa teknikoa

2 – Brujas: Mignolet; Buchanan (Nusa, 71. min), Mechele (Boyata, 46. min), Spileers, De Cruyper; Onyedika, Vanaken, Vetlesen (Odoi, 90+6. min); Olsen (Sabbe, 79. min), Thiago, Zickernagel.

2 – Osasuna: Sergio Herrera; Peña (Areso, 68. min), Catena, David Garcia, Juan Cruz (Raul, 82. min), Mojica; Moncayola, Torro (Barja, 82. min), Moi Gomez (Aimar, 68. min); Chimy Avila (Ruben Garcia, 68. min), Budimir.

Golak: Mojica, 0-1 (27. min); Budimir, 0-2 (53. min); Thiago, 1-2 (73. min); Olsen, 2-2 (76. min). 

Epailea: Daniel Stefanski. Txartel horia atera die Chimy Avila, Moncayola, Moi Gomez, Herrera, Mojica, David Garcia eta Catena Osasunako jokalariei, eta Mechele, De Cuyper, Thiago eta Mignolet Brujasekoei.