Itxi

Osasuna

1-2 Iruñean

Osasunak maila eman du, baina Messiren bi golek neurketa erabaki dute

Erredakzioa

Mendilibarren mutilek partidako 75. minutura arte markagailuan goitik izan dira, baina Messiren bi golek eta Patxi Puñalen kanporaketak norgehiagoka erabakita utzi dute.

  • Osasuna-Bartzelona (1-2). Argazkia: EFE

    Osasuna-Bartzelona (1-2). Argazkia: EFE

Iruñeko taldeak partida ona jokatu du, baina Leo Messik lortutako bi golek norgehiagoka erabakita utzi dute. Neurketako 75. minutura arte Osasuna nagusi izan da Llorentek, 16. minutuan, lortutako golari esker, baina Messik 1-1ekoa jarri du markagailuan eta epaileak Puñali txartel gorria atera dio. 80. minutuan argentinarrak bigarrena lortu du.

Osasunak indartsu hasi du norgehiagoka, eta Cejudok Valdes ezustean hartzeko abagune aparta izan du, aurreneko minutuan. Hala ere, Bartzelonako atezainak gorritxoaren jaurtiketa kornerrera desbideratu du, eta Tito Vilanovaren mutilek partidaren kontrola bereganatu dute. Alexisek Barçaren lehenengo aukera argia izan du, baina Andres Fernandezek ederki desbideratu du txiletarraren saiakera. 15. minutuan, Tellok zutoinera jaurti du baloia.

Mendilibarren taldeak kontraerasoan ederki jokatu du, eta Joseba Llorentek 1-0ekoa jarri du markagailuan, 16. minutuan. Lamahek erdiraketa bikaina jarri du bigarren zutoinean, eta Gipuzkoako aurrelariak sareetara bidali du baloia. Llorentek bigarrena lortzeko abagunea izan du (33. minutua), baina Pique baloia desbideratzeko bi alditan ederki gurutzatu da. Osasunak hutsuneak ondo itxi ditu, eta Bartzelonak ezin izan du atsedenaldia heldu aurretik berdinketaren gola lortu.

Gorriek bigarren zatian ere gogor sakatu dute, eta Bartzelonak ezin izan du bere ohiko jokoa azaldu. Messik bigarren zatiko aurreneko abagune argia izan du (58. minutua), baina baloia zuzenean Andres Fernandezen eskuetara joan da. Jarraian, Sisik Nafarroako taldearen bigarrena lortzeko aukera izan du, baina Valdes erne egon da eta baloia ederki desbideratu du.

Ninok ere, Osasunaren bigarren gola eskuratzeko abagune ederra izan du, baina gorritxoaren jaurtiketa zutoinera joan da. 75. minutuan Messi 1-1ekoa jarri du, eta Patxi Puñal kapitainak protesta egiteagatik txartel gorria ikusi du. Argentinako izarrak blaugranen bigarren lortu du (80. minutua), eta Mendilibarren mutilek hamar jokalarirekin eusteko asko sufritu dute. Azkenean, hiru puntuak Kataluniako taldearentzat izan dira.

Fitxa teknikoa:

1 - Osasuna: Andres Fernandez; Marc Bertran, Arribas, Miguel Flaño, Damia; Puñal, Raoul Loe; Cejudo (Lolo, 79. minutuan), Sisi (Timor, 78. minutuan), Lamah; eta Llorente (Nino, 68. minutuan).

2 - Bartzelona: Valdes; Alves, Puyol, Pique, Jordi Alba; Iniesta (Xavi, 70. minutuan), Busquets, Cesc Fabregas (Pedro, 62. minutuan); Alexis, Messi eta Tello (Villa, 75. minutuan).

Golak: 1-0, 17. minutuan: Llorente. 1-1, 75. minutuan: Messi. 1-2, 80. minutuan: Messi.