Itxi

Osasuna

LaLiga EA Sports

Osasunak porrot argia jaso du etxean, Real Madrilen aurka (2-4)

L. E. A. | EITB MEDIA

Defentsan egindako hutsek nafarren partida baldintzatu dute. Vinicius (2), Carvajal, Brahim, Budimir eta Iker Muñoz izan dira neurketako golegileak.

  • Ante Budimir, Osasunako golegilea

    Ante Budimir, Osasunako golegilea. Argazkia: Efe.

Osasunak galdu egin du etxean Real Madrilen aurka EA Sports Ligako 29. jardunaldian jokatutako partida. Vinicius (2), Carvajal, Brahim, Ante Budimir eta Iker Muñoz izan dira golegileak.

Partidak hasiera zoroa izan du, bi gol izan baitira lehenengo zazpi minutuetan. Lehenengoa Ancelottiren taldeak sartu du. Catenak huts nabarmena egin du defentsan, Viniciusek baloia lapurtu dio, jaurtiketa egin du eta baloia Sergio Herreraren ate barrura sartu da, madrildarrak aurretik jartzeko.

Hiru minutu geroago, nafarrek banakoa egin dute. Golegilea, nola ez, Budimir izan da, Herrandoren baloia errematatuta.

8. minutuan, Sergio Herrerak Real Madrilen bigarren gola saihestu du, Viniciusek egindako erremateari erantzun bikaina emanda. 15.ean, Osasunako atezainak beste geldiketa handi bat egin du, Rodrygok egindako jaurtiketa desbideratzeko.

Gorritxoek ez diote erasoari uko egin, baina lanak izan dituzte aurrera egiteko, eta paseetan huts ugari egin dituzte. Areso urrutitik saiatu da 16. minutuan, eta Luninek baloia kornerrera bidaltzea lortu du.

18. minutuan, Real Madrilek bere bigarren gola egin du. Dani Carvajalek lortu du, baloia oinaren kanpoko aldearekin jota, Fedek utzitako baloia ondo aprobetxatuz.

34. minutuan, Vinicius hirugarrena egitear izan da. Brasildarrak urrutitik jaurti du, eta baloia zutoina laztanduz joan da kanpora. Gorritxoen erantzuna 41. minutuan iritsi da, Arnaizek area ertzean egindako jokaldi pertsonal batean; baloia jaurti, eta Luninek kornerrera desbideratu du.

Lehen zatiaren amaieran, epaileak txartel horia atera dio Viniciusi protesta egiteagatik. Bosgarren txartela da; ondorioz, Ancelottik ezingo du jokalaria zelairatu martxoaren 31n Athleticen aurka jokatuko duen Ligako partidan.

Gol gehiago

Bigarren zatia hasi eta ordu laurdenera, zuriek hirugarrena egin dute. Kontraerasoko jokaldi azkarra bikain bukatu du Brahimek, baloia Sergio Herreraren atean sartuz.

Neurketa oso aldapan gora jarri zaie etxekoei, eta are gehiago Viniciusek 1 eta 4koa egin duenean.

Hortik aurrera, Real Madril nahieran aritu da, oztopo handirik gabe, eta bosgarren gola egiteko aukera bat edo beste ere izan du. Gola, baina, Osasunak sartu du. Iker Muñozek egin du, 91. minutuan, Jesus Aresok emandako paseari esker. Azkenean, 2-4, hiru puntuek Iruñetik alde egin dute.

Fitxa teknikoa:

2 - Osasuna: Herrera; Unai Garcia, Catena (Iker Muñoz, 70. min), Herrando (Cruz, 79. min); Areso, Moncayola, Torro, Moi Gomez (Ibañez, 69. min), Mojica; Arnaiz (Ruben Garcia, 69. min) eta Budimir (Garcia de Haro, 70. min).

4 - Real Madril: Lunin; Carvajal, Tchouameni, Rüdiger, Mendy (Fran Garcia, 85. min); Camavinga (Nacho, 72. min), Valverde, Kroos (L. Vazquez, 77. min); Brahim (Modric, 72. min), Rodrygo eta Vinicius (Güler, 85. min).

Golak: 0-1, 4:. min Vinicius. 1-1, 7. min: Budimir. 1-2, 18. min: Carvajal. 1-3, 61. min: Brahim. 1-4, 64. min: Vinicius. 2-4, 90+1. min: Iker Muñoz.

Epailea: Martinez Munuera (Valentziako Batzordekoa). Txartel horia atera die Osasunako Herrando (31. min), Torro (55. min) eta Unai Garcia (63. min) jokalariei, eta Real Madrileko Viniciusi (44. min).