Itxi

Futbola

Gol gehien urte bakarrean

Chitaluk 107 gol sartu zituen eta Messiren marka arriskuan jar dezake

Erredakzioa

Zambiako Futbolzaleen Elkarteak esan duenez, Godfrey 'Ucar' Chitaluk 107 gol sartu zituen 1972an, eta Messiren izena daraman markak futbolari afrikarrarena eraman behar duela aldarrikatzen du.

  • Messik Torpedo Mullerren marka hautsi zuen iragan asteburuan. Argazkia: EFE

Lionel Messi Bartzelonako aurrelari argentinarrak urte bakarrean sartu diren golen marka hautsi zuen iragan asteburuan. Torpedo Mullerrek zuen marka hori Messik apurtu zuen arte. Mullerrek 85 gol sartu zituen urte bakarrean, eta Messik 86 gol daramatza urtea bukatu aurretik. Kopako partida bat, eta Ligako beste bi norgehiagoka ditu jokatzeke argentinarrak.

Baina Zambiako Futbolzaleen Elkarteak EFE agentziari jakinarazi dionez, Godfrey ‘Ucar’ Chitalu Zambiako futbolariak 107 gol sartu zituen 1972an. FIFAk ez du marka ofizialtzat hartzen, baina marka onartzeko eskaera egingo diote futboleko erakunde gorenari.

Chitalu heroia zen Zambian. Ibilbide bikaina izan zuen Zambiako futbolean, eta Zambiako futbol selekzioako hautatzailea ere izan zen. 1993an Chitalu, eta Zambiako selekzioko 18 jokalari Senegalera zihoazen Munduko Txapelketarako sailkapen faseko partida jokatzera, baina bidaiatzen zuten hegazkin militarrak esplozioa izan zuen, eta selekzioko kide guztiak hil ziren.