Futbola
Kontrol ekonomikoa
Kontuak eguneratuta ez dituzten taldeek ezin izango dute fitxatu
Redacción
CSDk eta LFPk futbol taldeen kontrol ekonomikorako araudi berria aurkeztuko dute asteazkenean. Arautegia 2013-2014 denboraldian jarriko da indarrean.
-
Argazkia: EFE
Miguel Cardenal Kirol Batzorde Goreneko (CSD) presidenteak eta Jose Luis Astiazaran Futbol Liga Profesionaleko (LFP) presidenteak futbol taldeen kontrol ekonomikorako araudi berria aurkeztuko dute asteazken honetan.
Arautegia 2013-2014 denboraldian jarriko da indarrean, eta aurrez aztertu beharreko kluben aurrekontuak jasotzen ditu. Orain arte taldeen aurrekontuak denboraldia bukatu eta gero aztertu izan dira.
CSD-LFP Batzorde Paritarioak 60 bilera egin ditu klub profesional ia guztiekin, orain arte taldeei eskatutako informazio ekonomikoa aztertzeko. Araudi berriarekin Batzorde Paritarioak Ligaren finantza kontrola eramango du, CSDk azaldu duenez.
Oreka
Aurretiazko kontrolarekin futbol taldeek diru-sarrera eta gastuen arteko oreka zorrotzaren berri eman beharko diote Ligari, eta kontuak eguneratuta ez dituzten klubek ezin izango dute jokalari berririk fitxatu; izan ere, patronalak ez ditu jokalari berrien fitxak erregistratuko, CSDko iturriek baieztatu dutenez.
Neurri berriak taldeen zorrak handitzea eragotziko du, eta epe ertainera sektorea onbideratzea ahalbidetuko du.
Araudia 2014-2015 denboraldian behin betiko ezartzea espero dute. Une horretatik aurrera zigorrak aplikatuko lirateke, besteak beste, taldeen jaitsierak eta kanporatzeak aurrikusten ditu.