Futbola
Mendizorrotzan
Eibarrek urrezko hiru puntu lortu ditu Alavesen aurka (0-2)
Erredakzioa
Gaizka Garitanoren gizonek irabazi dute Bigarren Mailako euskal derbia, Arruabarrenak eta Jarosikek, bere atean, lortutako golei esker.
Gipuzkoako taldeak 0-2 irabazi du Alavesen aurkako Bigarren Mailako derbia. Armaginak nagusi izan dira Mendizorrotzan, eta Mandiaren gizonek gol aukera ugari huts egin dituzte. Xabi Irureta atezainak ere gelditu erabakigarriak egin ditu.
Eibarrek oso indartsu hasi du norgehiagoka, Alaves ezustekoa hartzeko asmoarekin, eta Yurik aurreneko gola lortzeko abagune oso argia izan du. Hala ere, armaginaren burukada langa gainetik kanpora joan da, desbideratuta. Mandiaren gizonek erantzun bikaina eman dute, 10. minutuan, baina Ortizen saiakera Iruretak aise hartu du.
Arabazo taldeak partidaren kontrola hartu du, eta Garitanoren gizonek defentsan sufritu egin dute. Hala ere, Gipuzkoako taldeak markagailuan aurrea hartu du, Arruabarrena kapitainaren erremate eder bati esker (32. minutua). Atsedenaldian, Eibarrek 0-1 agindu du markagailuan.
Bigarren zatiko aurreneko minutuetan, Alavesek norgehiagoka berdintzeko aukera oso argia izan du, baina Quirogaren errematea kanpora joan da, oso gutxigatik. Viguerak ere saiakera egin du, area txikian buelta eman ondoren, baina Irureta sendo egon da ate azpian, eta atezainak gelditu erabakigarriak egin ditu.
Borja Viguerak berdinketaren gola eskuratzeko beste abagune argi bat izan du, 68. minutuan, baina Xabi Iruretak gelditu erabakigarria eta ikusgarria egin du. 78. minutuan, Jarosikek baloia bere atean sartu du, eta Eibarrek 0-2koa jarri du. Armaginek aise agindu dute azkenengo minutuetan, eta hiru puntuak Gipuzkoara eraman dituzte.
Fitxa teknikoa:
0 - Alaves: Goitia; Unai Medina (Ion Vélez, 80. min), Luciano, Jarosik, Nano; Álex Ortiz; Toti, Beobide (Quiroga, 46. min), Manu García, Serrano (Guzmán, 55. min); eta Viguera.
2 - Eibar: Irureta; Bóveda, Raúl Navas, Arregi, Yuri; Diego Rivas (Diego Jiménez, 71. min), Dani García; Jota Peleteiro, Arruabarrena, Morales (Capa, 86. min); eta Gilvan Gomes (Errasti, 59. min).
Golak: 0-1, 33. min: Arruabarrena. 0-2, 78. min: Jarosik, bere atean.