Futbola
Erreakzioak
Futbol mundua atsekabetuta agertu da Vilanovaren heriotzagatik
Erredakzioa
Futbolariek, entrenatzaileek, zuzendariek eta beste kirolariek dolumina erakutsi dute Bartzelonaren entrenatzaile ohiaren heriotzaren ostean.
-
Tito Vilanova / EFE.
Tito Vilanovaren heriotzak kirol mundu osoaren doluminak eragin ditu. Parotida guruineko minbizia zuen teknikoak.
Tito Vilanovaren taldekideak eta Bartzelonako oraingo kideak familiaren eta lagunen atsekabera gehitu dira. Josep Maria Bartomeuk, taldeko presidenteak, "Bartzelonako giza erreferente bat bezala" nabarmendu du Tito, "betirako".
Ligako taldeek ere sentimendu bera azaldu dute. Athleticek teknikoaren familiari doluminak adierazi dizkio. Jokalari zurigorri batzuk Twitterren idatzi dute. "Oso albiste tristea", esan du Ibai Gomezek. Baita Athleticeko Iker Munian eta Iago Herrerin zein Bilbao Basketeko Axel Hervelle eta Alex Mumbru atsekabetuta agertu dira.
Iñigo Martinez, Realeko jokalaria "nahigabetuta" azaldu da albisteagatik: "Goian bego".
Jose Mourinhok, Chelseako entrenatzaileak, mina agertu du: "Tito Vilanovaren heriotza oso egun tristea da futbol munduarentzat, Bartzelonarentzat, eta garrantzitsuena, familia eta lagunentzat". Portugaldarrak gorabehera bat izan zuen Vilanovarekin, Real Madrileko entrenatzailea zela begian atzamar bat sartu zionean. Ingalaterrako beste talde batzuk ere, Manchester United eta Liverpool bezala, triste agertu dira.
Miguel Cardenalek, Espainiako Kirol Kontseilu nagusiko presidenteak, doluminak agertu dizkio familiari. Futboleko "handi bat" bezala definitu du: "Ausarta, futbolean eta bizitzan. Joko estilo ahaztezin bat defendatu zuen. Kirolak beti emango dizkio eskerrak".
Michel Platinik, UEFAko presidentea, Tito "beti izango dela gogoratua" esan du. Espainiako Komite Olinpikoa ere futbol munduko "minara gehitu" da.
Real Madrileko jokalari Sergio Ramosen arabera, "indarraren eta borrokaren adibidea" izan da Vilanova. Beste kirolari batzuk ere, Alberto Contador txirrindularia, Fernando Alonso pilotua eta Rafa Nadal tenislaria, kasu, triste agertu dira. "Zorigaitz handia da. Animoak semeei eta emazteari", esan du Nadalek. Contadorrek eta Alonsok bat egin dute ideia beran: "gaixotasun madarikatua".