Futbola
Real Madrid-Barcelona
Cristiano Ronaldo: "Ez da Messi eta nire arteko lehia izango"
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Real Madrileko jokalariak Bartzelonako aurrelari argentinarraren jokoa goraipatu du.
Real Madrilek Bartzelonaren aurka jokatuko du larunbat honetan Santiago Bernabeun eta gaur Cristiano Ronaldok hitz egin du partida horri buruz.
Messiren inguruan galdera asko egin dizkiote eta lehenik eta behin honakoa esan du: “Messi lehengo eta oraingo onenen artean dago”.
“Nire lehen urtea da Espainian eta lan ona egiten ari naiz. Oso pozik nago eta seguruenik onenen artean egongo naiz urte batzuk barru”, adierazi du Cristianok.
Real Madril-Bartzelona partida Messiren eta Cristiano Ronaldoren arteko lehian ez zentralizatzea eskatu du erdilari portugaldarrak: “Mundu guztia gu biotaz hitz egiten ari da, baina larunbatekoa gu bion arteko lehia baino askoz gehiago da, asko dago jokoan. Nik nire taldeari tituluak lortzen lagundu nahi diot eta Messik ere hala pentsatzen du”, adierazi du portugaldarrak.
Erdilari madrildarrak esan du Messik erakustaldia eman zuela Arsenalen aurka, baina espero du Bernabeun halakorik ez egitea. “Messik gol asko sartzea espero dut, baina ez ditzala larunbatean egin. Oso ona da, baina ez du bakarrik jokatzen. Ni munduko jokalari onena izendatu nindutenean ez nuen bakarrik jokatu. Manchesterreko taldekideek lagundu zidaten saria lortzen. Beraiek gabe ez nintzateke onena izango”, gaineratu du Cristiano Ronaldok.