Itxi

Futbola

Errege Kopa

Bartzelonak finalerako txartela lortu du Atletico Madril kanporatuta

A.B.

Bana (1-1) berdindu dute Camp Noun, baina joanekoa Barçak irabazi zuen, 1-2; ondorioz, finalerako sailkatu da. Epaileak huts egin du Griezmannen gol bat baliogabetuta.

  • Luis Suárez. Argazkia: EFE

    Luis Suarez. Argazkia: EFE

Bartzelonak Errege Kopako finalerako txartela lortu du Atletico Madril kanporatuta. Bana (1-1) berdindu dute Camp Noun jokatutako finalerdietako itzulerako partida, eta joanekoa Barçak irabazi zuenez (1-2), sailkapena lortu du.

Erasokor ekin dio partidari Atletico Madrilek eta lehen gola sartzeko abagune argiak izan ditu. Seigarren minutuan, Carrascok abagune argia huts egin du Cillessen atezainaren aurrean, eta 16. minutuan, Barçako atezainak Kokeren jaurtiketa gelditu du. Jaun eta jabe izan da Atletico Madril lehen minutuetan, eta, 30.ean, epaileak ez du adierazi Sergi Robertok Fernando Torresi egin dion penalti argi bat. Koltxoneroek gehiegi barkatu dute aurkariaren ate aurrean, eta, epailearen laguntzarekin, Bartzelonak Atleticoren erauntsiari eustea lortu du. Gainera, atsedenaldira iritsi baino hiru minutu lehenago, talde katalanak gola sartu du Luis Suarezen bitartez (1-0).

Bigarren zatiaren hasieran, Bartzelonak izan du baloiaren jabetza, baina Sergi Robertok bigarren txartel horia ikusi du 53. minutuan, eta epaileak egotzi egin du. Bartzelona jokalari bat gutxiagorekin geratu eta bi minutura, epaileak baliorik gabe utzi du Griezmannek sartutako gola. Jokaldi horretan ere, Bartzelonari mesede egin dio epaileak, Griezmann legezko posizioan baitzegoen. Atletico Madril nagusi izan da jokalari bat gehiagorekin, eta gola gertu izan du, baina Carrascok bigarren txartel horia ikusi du 68. minutuan, lelokeria handi bat egin ondoren. Ondorioz, bi taldeak hamarna jokalarirekin geratu dira zelaian. Bartzelonak partida erabakita uzteko aukera izan du 78. minutuan, baina Messiren faltak langa jo du eta ez da sare barrura sartu. 83. minutuan, Piquek penaltia egin dio Gameirori, eta epaileak adierazi egin du. Gameirok berak jaurti eta zeruetara bidali du. Penaltia huts egin ostean, partida erabakita zegoela zirudien, baina Gameirok partida berdindu du 83. minutuan. 90.ean, Luis Suarezek bigarren txartel horia ikusi du, eta Bartzelona bederatzi jokalarirekin geratu da. Azken minutuetan, gogotik sufritu du Barçak, baina Atletico Madrilek ezin izan du luzapena behartu.

Fitxa teknikoa:

1 - Bartzelona: Cillessen; Sergi Roberto, Gerard Piqué, Umtiti, Alba; Andre Gomes, Rakitic (Iniesta, 72. min), Denis Suárez (Mascherano, 61. min); Messi, Luis Suarez eta Arda (Busquets, 69. min)

1 - Atletico Madril: Moya; Juanfran, Godin (Lucas, 49. min), Savic, Filipe Luis; Carrasco, Koke, Saul, Gaitan (Correa, 48. min); Griezmann eta Fernando Torres (Gameiro, 61. min).

Golak: 1-0, 43. min: Luis Suarez. 1-1, 83. min: Gameiro.

Epailea: Gil Manzano.