Itxi

Futbola

LaLiga

Alaves eta Eibar jaitsiera postuetan; Athletic eta Reala, bolada txarrean

A.B.

Babazorroak 19. postuan daude 3 punturekin eta armaginak 18.ean 6 punturekin. Zuri-gorriek ez dute garaipenik lortu Ligako azken lau partidetan, ezta txuri-urdinek ere.

  • Eibar-Athletic. Argazkia: EFE

    Eibar-Athletic, denboraldi honetan jokatu den derbi bakarra. Argazkia: EFE

Liga bere bigarren atsedenaldira iritsi da zazpi jardunaldi jokatu ostean eta euskal taldeak ez daude oso egoera onean. Datorren astean ez da Ligako partidarik jokatuko selekzioen neurketen txanda izango baita.

Alavesek denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Levanteren aurka larunbatean Gianni De Biasi entrenatzailearen debutean. Arabako taldeak azken postuari agur esan dio, baina azken-aurrekoa da sailkapenean, 3 punturekin.

Eibar, aldiz, jaitsiera postuetan sartu da Vila-realen aurka galdu ostean. Zazpi jardunalditan bi garaipen eta bost porrot jaso ditu Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak eta azken hiru partidak galdu egin ditu, guztira 13 gol hartuta. Armaginak 18. postuan daude, 6 punturekin.

Athletic ere ez dago jaitsiera postuetatik urruti. Zuri-gorriak jaitsieratik bi puntura daude, sailkapeneko 13. postuan 8 punturekin. Zigandak zuzentzen duen taldeak ez du garaipenik lortu jokatu dituen azken sei partidetan; Ligan lau neurketa jarraian daramatza garaipenik lortu gabe, eta bi Europa Ligan.

Reala da euskal talderik onena, nahiz eta txuri-urdinak ez dauden bolada onean. Eusebio Sacristanek zuzentzen duen taldeak lehen hiru partidak irabazita ekin zion denboraldiari, baina ondorengo lauretan ez du irabaztea lortu. Gainera, Europa Ligan galdu egin zuen Zeniten aurka multzoen faseko bigarren jardunaldiko partida. Talde donostiarra, 8. postuan da 10 punturekin, Europako postuetatik hiru puntura.